Usurbilgo Udalak onartu berri ditu behin betiko, 2013rako udal aurrekontuak. Gai honen inguruan eta beharrezko tramitazio prozesua amaitu ostean elkarrizketatu du NOAUA!k Mertxe Aizpurua alkatea. Gastuari eutsi eta udal zerbitzuak ahal dela mantentzea izango dira gobernu taldearen aurtengorako erronka nagusiak. Onartu berri direnak azken urteotako aurrekontu baxuenak izan dira. Alkatearen esanetan, Foru Aldunditik jasotako diruan eta hirigintza alorreko aprobetxamenduan izan den beherakadagatik.
Krisiaren testuinguruan kokaturiko udal aurrekontuotan, murrizketak aplikatu dituzte udal departamendu guztietan, ongizatean izan ezik. "Garai bateko egitasmo ikusgarriak egitea ez zaigu tokatzen. Arduragabekeriaz jokatzea litzateke halako saltsetan sartuko bagina. Hori da erronka nagusia, zerbitzuak eta batez ere ongizateari lotutako zerbitzuak mantentzea", adierazi du Aizpuruak, jada web orrialde honetan kontsulta dezakezuen otsailaren 22ko astekarirako eskaini duen elkarrizketan.
Bada udal aurrekontuen gaiari lotuta nabarmentzeko bestelako alderdirik ere. Lehen aldiz, gobernu taldeak auzoz auzoko bilera egin zuen joan den azaroan, 2013rako udal aurrekontuak herritarrekin batera lantzeko. Esperientzia positiboa izan dela nabarmendu du alkateak, eta herritarrek eginiko zenbait eskakizun aintzakotzat hartu dituzte udal aurrekontuotarako. "Gustura geratu gara. Bilera horien ondorioz, zeuden hainbat behar kalibratu ditugu eta horietako batzuk aurrekontuetan isla izan dute, Txokoaldeko plazako eraberritzea adibidez. Beharrezko eskaerak zein diren neurtu eta ikusteko balio izan digu", adierazi dio alkateak NOAUA!ri. Elkarrizketa osoa, aste honetako aldizkarian.