Otsaileko azken ostirala dugu gaur, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazio eguna. Herrirak hileroko elkarretaratzea deitua du gaur iluntzeko 20:00etarako, Mikel Laboa plazan. Beste behin, 197/2006 doktrina bertan behera uzteko eskatuko da. Doktrina hau aplikatu izanaren ondorioz, Ramon Uribe herritarrak espetxean jarraitzen du.
Ostiral honetako elkarretaratzea, martxoaren 20an Estrasburgon deitua dagoen hitzorduaren aurreko azken mobilizazioa izango da. Gogoan izan hilaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, Espainiako Estatuak joan den uztailaren 10eko epaiaren kontra aurkeztutako helegitea aztertuko du. Epai hartan, Estrasburgoko Auzitegiak adierazi zuen Auzitegi Gorenaren 197/2006 doktrinak Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela, eta Ines del Rio berehala aske utzi behar zutela dekretatu zuen.
Aldiz, berriki Herrirak gogorarazten zuenez, "Espainiako Estatuak, ordea, ez du epaia onartu, are gehiago, azken hilabeteetan giza eskubideak urratzeko estrategiari ekin dio". Hain zuzen, kalean behar zuten hainbat euskal preso politikok espetxean jarraitzen dute oraindik. "Guztira, 73 euskal herritar daude espetxean zigorra osorik beteta, 20, 25 eta 30 urte preso eman ondoren, urtetan aurrera doazela eta eritasun larriekin kasu batzuetan", gogorarazten dute Herriratik. Horien artean dago Ramon Uribe usurbildarra. Zigor osoa beteta, abenduaren 3an kalean behar zuen. Ia hiru hilabete geroago ordea, Salamancako Topas espetxean jarraitzen du.
Martxoaren 20an, 197/2006 doktrinaren ondorioak jasaten ari diren euskal preso politikoen udalerri guztietan mobilizazioak deituko ditu Herrirak. "Herritar guztiei parte hartzeko deia egiten diegu", luzatu zuten gonbita duela gutxi, Herrira mugimendutik.
Barrikotea bihar
Gaurko elkarretaratzearekin batera, larunbat eguerdirako herriko presoen eskubideen aldeko barrikotea antolatu du Aitzaga Elkarteak, eguerdiko 12:00etatik aurrera Askatasuna plazan. "Usurbildar guztiak zaudete gonbidatuak! Bertan, Saizar eta Iruin sagardoak dastatzeaz gain, pintxoak ere egongo dira. Musika eta giro ederra ere ez da faltako!", berri eman dute antolatzaileek.