Elurrak Usurbil zuritu dezake asteburuan

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 22a, 00:00

Euri jasei loturiko hainbat alerta egoeren ostean, elurraren txanda orain. Asteburuan, larunbat iluntzetik aurrera eta igandean bereziki, inguruotako bazterrak zuritu ditzake, gogotik egin dezake elurra. Gaur gauerditik aurrera jada, alerta egoeran sartuko gara elurragatik eta izotzagatik. 

Abisu horia ezarri du Euskalmet meteorologia agentziak, gaur gaueko 00:00etatik bihar arratsaldeko 18:00ak arte. Abisu horia elurragatik eta tenperatura hotz eta izotz arriskuagatik. Elur maila 0-100 metro artean kokatuko da, nahiz zaparrada txikiak espero diren. Egoerak ordea okerrera egitea espero da bihar arratsaldean hasita. 18:00etatik aurrera, alerta naranjan egongo gara asteburu osoan zehar. Elur maila 0-100 metro artean izango dugu bai, baina zaparrada txiki eta ertainak espero dira, ekaitza eta txingorra ere bota dezake. Larunbat goizean, 0-2 cm arteko elur lodiera izatea aurreikusia dago 200 metrotara, arratsaldetik aurrera 2-8 cm arteko lodiera ere izan dezakegu.

Larunbaterako Euskalmet-etik egiten ari diren iragarpena, hauxe da: "Giro oso hotzarekin hasiko dugu asteburua. Goizaldean, tenperatura 0 ºC-tik behera kokatuko da ia denean eta beroenak nekez igoko dira 5 ºC-tik kostaldean eta 2-3 ºC-ren bueltan geldituko dira barnealdean. Ondorioz, elur-kota ere asko jaitsiko da eta 0-100 m inguruan kokatuko da egun osoan. Dena dela, eguneko ordurik gehienetan elur gutxi egingo du, baina arratsaldetik aurrera, hezetasun gehiago eta prezipitatzeko aukera handiagoa izango da; gauean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra bota dezake eta elur gehiago pilatuko da. Ipar-ekialdeko haizea bizi-bizi ibiliko da, ufada gogorrekin, eta hotz sentsazioa areagotu egingo du".

Igandean, inguruok zurituta esnatzeko aukera asko
Giro okerragoa espero da iganderako eta aurreikuspenak betetzen badira behintzat, arazoak eragin ditzake elurrak etzi. Pentsa, 200 metrotara, 20 cm-tarainoko elur lodiera izatea ere espero da. Alerta naranjan jarraituko dugu etzi elurragatik, "zaparrada txiki-ertainak botako ditu, bereziki Kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitzak izateko eta txingorra egiteko probabilitatea handia da". Eta abisu horiaren eraginpean segituko dugu baita, tenperatura baxu eta izotzagatik. 

"Igandean prezipitazioa ugariagoa izango da. Hotz galanta egingo du eta elurra itsasertzeraino iritsi daiteke, elur-kota 0-300 m artean mantenduko da. Ipar-haizea ibiliko da egun osoan eta zaparradak botako ditu, batez ere kantauri isurialdean eta trumoi-ekaitza eta kazkabarra egiteko arriskua handia izango da. Beraz, hainbat tokitan elurra hizpide izango dugu", iragarri dute Euskalmet-etik. 

Astelehenean egoerak zertxobait hobetuko omen du. Eguraldi traketsa berriz ere, baina elurra gorago egin dezake, 600 metrotik gora. Adi beraz, eguraldi iragarpenei. Informazio eguneratua, euskalmet.net atarian.