Korrikaren aldeko mus txapelketa bihar

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 22a, 00:00

Larunbat honetarako, Gipuzkoako Korrika II. Mus Txapelketa antolatu dute Lasarte-Oriako Xirimiri elkartean. Lehiarako izen ematea 15:30etan irekiko dute. Bikote bakoitzak 5 euro ordaindu beharko ditu. 16:00etan hasiko da saioa. Korrika Batzordeak antolatu du ekimen hau eta berri eman dutenez, “kanporaketako bi finalistentzat sariak egongo dira eta irabazleek martxoaren 16an arratsaldeko 17:00etan Andoaingo Irunberri elkartean izango den finalerako txartela eskuratuko dute”. 

Usurbil garaile, larunbateko ginkanan
"Lekukoaren Bila" aritu ziren sei gazte talde, Korrikaren alde joan den larunbatean ospatu zen ginkanan. Horietatik bost lasartearrak eta bat usurbildarra. Etxekoek irabazi zuten, eta orain, Irunen jokatuko den Gipuzkoa mailako kanporaketan parte hartzeko aukera izango dute. Finalaurreko saio hau, laster jokatuko da. Antolatzaileek iragarria dutenez, martxoko lehen edo bigarren asteburuan. Final handia berriz, martxoaren 24an ospatuko da, Korrika 18 helmugara ailegatu ostean, Baionan.