Kantuzaleen hitzordua bihar, kantu-jirarekin

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 22a, 00:00

Bihar kalera irtengo dira berriz Kantu Taldekoak. Hilabeteko azken larunbata baitugu, otsailaren 23a. Honenbestez, Kantu Taldekoak kalejiran ikusi ahal izango ditugu, iluntzeko 19:00etatik aurrera. Hitzordua, Mikel Laboa plazan finkatua dute. Eta ohi denez, antolakuntzatik kantu liburuxkarekin ekitaldira agertzeko gonbita luzatzen diete herritarrei. Baita entsegu saioetara ere. Asteartero biltzen dira, 18:30etatik aurrera Udarregi Ikastolan.

Kanta berriak
Herritarrak kantu taldean parte hartzera gonbidatzen dituzte. Izen ematea, 5 eurokoa da. Kantu Taldetik berri eman dutenez, "gurean edonork har dezake parte. Euskal Kantak ikasteko eta kantatzeko gogoa edukitzea nahikoa da. Gure kantagintza sustatuz eta transmitituz aurrera jarraituko dugu euskaraz abestea nahi dugulako, gure kultura eta izaera propioa adierazi nahi dugulako, gure herria maite dugulako... Azken batean, abesten duen HERRIA ez da inoiz hilko!".

Zenbait berrikuntza txertatu dituztela ere gaineratu dute Kantu Taldekoek. "Aurten kantu berriekin (zaharrak birkantatuz) hasi gara: Mikel Markezen "Hiri hartan izan zen", Uxue Alberdiren "Zure besarkadari jarriak", herrikoia den "Lelotxo montañako" edo Zea Maysen "Negua joan da ta", besteak beste", adierazi dute.

Irudia: Kantu Taldea.