Sortuk larunbat honetan burutuko duen eratze kongresu amaierako ekitaldira joateko autobusa bertan behera geratu da. Halere, arratsaldeko 17:30etarako Iruñeako Anaitasunan deitu duten hitzordura joateko deia luzatu dute. "Autobusa aterako ez den arren, guztioi Anaitasunera joateko deialdia luzatzen dizuegu. Oso ekitaldi berezia izango dela aurreratzen dizuegu…", berri eman du usurbileginez.com web orrialdeak.
Sortu eratzeko kongresua gaur eta bihar goizean ospatuko da, Iruñeako Baluarten, eta aipatu moduan, bihar arratsaldean ekitaldi nazionala burutuko da, 17:30etatik aurrera Anaitasunan.
Sortuko barne hauteskundeetako emaitzak, larunbatean
Joan den ostiral iluntzerako Potxoenean deitua zegoen batzarrean, Sortuko egitura nortzuk osatuko duten hautatzeko barne hauteskundeak burutu ziren. Kontseilu Nazionaleko, Gipuzkoako, eskualdeko eta Usurbilgo taldeak osatzeko kideak nortzuk osatuko zituzten erabaki zuten. Usurbilen bezala, Euskal Herriko 250 herri eta auzoetan burutu dira batzarrak egunotan. Barne hauteskunde hauen emaitzak, bihar emango dituzte ezagutzera. Kongresuan berretsi beharko dituzte. Orduan aurkeztuko dute, Sorturen Kontseilu Nazionala.