Ondoko argazkian, Azpeitia, Zarautz, Ormaiztegi edota Zubietako herritarrak dituzue, Gipuzkoa Zero Zabor mugimenduak deituta Azpeitiako Lapatx zabortegian larunbatean eskaini zuten prentsaurrekoan. "Azken hamarkadetan Gipuzkoan daukagun arazo larri baten biktimak" guztiak, deitzaileek nabarmendu zutenez. Eta hondakinen kudeaketa ereduari loturiko eskaera argi bat luzatzeko eskaini zuten prentsaurrekoa: "Gipuzkoan, Europan eta munduan, milaka herri eta hiritan erabiltzen dituzten bilketa sistema eraginkorrak ezagutzen ditugu. Atez Ateko bilketa izenarekin ezagunak dira. Guk esperientzia horietan oinarrituta, gure herrirako eredu propioa nahi eta behar dugu. Gure herriaren eta herritarren beharretara eta nahietara moldatutako atez atekoa nahi dugu. Herritar guztion artean moldatutako atez atekoa nahi dugu".
Zabortegien eragina edota errauste plantaren mehatxupean bizi diren herritarren egoera injustiziatzat jo zuten. "Jakitun gara eta ez dugu injustizi horrekin segi nahi. Gure herriko zaborrak jasotzen dituzten herrietako biztanleekin zor bat daukagu. Haien sakrifizioak gure ahalegina eskatzen du", zioten Lapatxen prentsaurrekoa eskaini zutenek. Hondakinen arazoa guztiona izanik, aipatu arazoa konpontzeko ere "guztiok gure zatia jarri behar dugu" zioten. Gipuzkoa zero zabor lurralde izatea posible dela zioten, beraz, "Zergatik ez saiatu?" galdetzen zuten.
Hona hemen, prentsaurrekoan irakurri zuten komunikatua bere osotasunean:
Gu ere arduratsu
Baliabide materialen kudeaketa txarrak bai mundua eta bai Gipuzkoa ataka estu batean sartu ditu. Baliabide naturalak geroz eta eskasagoak dira, eta baliabide hauen geroz eta eskari handiagoa dago. Erabiltzen ditugun produktuen bizitza geroz eta laburragoa da. Geroz eta lehenago, geroz eta produktu gehiago bilakatzen dira hondakin. Hondakin eta zabor, gehienak nahastu eta alferrik galtzen baititugu arazo bihurtuz. Ehunka milaka tona zabor sortzen dugu urtean Gipuzkoan. Eta zaborrak ez dauka konponbide onik. Arazoa hamarkadatan hor egon den arren ez dugu ikusi edo ez dugu ikusi nahi izan. Edukiontzietan ezkutatu dugu, edukiontziak lurazpian sartu ditugu, arazoa ezkutatuz arazoa betikotzen dela ohartu gabe. Ume txikiek egiten duten moduan, begiak itxi eta “ez dago!” esan diogu geure buruari. Arazoa baina, egon beti egon da hor. Galdetu bestela zabortegien ondoan bizi diren Azpeitiar, Zarauztar eta Beasaindarrei. Galdetu bestela errauste planta etxe ondoan jartzeko mehatxua egin dieten herrietako biztanleei.
Zorionez azken aldian edukiontzien barruan eta goi kargudunen bulegoen horma artean ezkutatuta zegoen arazoa, plazara irten eta gipuzkoar guztion ahotan dabil. Lezo, Astigarraga, Legorreta, Itsasondo, Zaldibia, Oñati, Amasa-Villabona, Anoeta, Irura eta Zizurkilgo biztanleei ezinezkoa egin zaigu begiak itxirik jarraitzea. Jakitun gara gu arazoaren parte garela. Jakitun gara, zaborretara botatzen ditugun janari hondarrak beste batzuen etxe ondoan usteltzera bidaltzen ditugula. Jakitun gara eta ez dugu injustizi horrekin segi nahi. Gure herriko zaborrak jasotzen dituzten herrietako biztanleekin zor bat daukagu. Haien sakrifizioak gure ahalegina eskatzen du. Zaborretan, zaborra ez den ezer joango ez dela bermatu behar diegu, material ustelgarririk bidaliko ez diegula ziurtatu behar diegu.
Badira moduak aipatutako eginbehar hori betetzeko. Badakigu posible dela herritar guztion hondakin birziklagarri guztiak gaika biltzea. Badakigu badirela hori posible egiten duten sistemak. Gipuzkoan, Europan eta munduan, milaka herri eta hiritan erabiltzen dituzten bilketa sistema eraginkorrak ezagutzen ditugu. Atez Ateko bilketa izenarekin ezagunak dira. Guk, esperientzia horietan oinarrituta, gure herrirako eredu propioa nahi eta behar dugu. Gure herriaren eta herritarren beharretara eta nahietara moldatutako atez atekoa nahi dugu. Herritar guztion artean moldatutako atez atekoa nahi dugu. Arazoa konponbidean jartzen ez duten blokeo eta boikotak alde batera utzi eta herritar guztion artean atez atekoak gure herrian izan beharreko ezaugarriak adostea da gakoa. Batzuk horretarako aukera izan dugu parte-hartze prozesu zabaletan. Beste batzuei, aurki iritsiko zaie horretarako aukera.
Gipuzkoan, bilketa eraginkorrean Usurbil, Hernani, Oiartzun, Antzuola eta Orendainek hasitako lorratzari jarraitu nahi diogu. Arduraz, elkartasunez eta konpromisoz. Arazoaren konponbidean guri dagokigun zatia jartzera goaz. Beste herriei eta beste herrietako herritarrei bide beretik joan daitezen dei egin nahi diegu, arazoa guztiona delako eta guztiok gure zatia jarri behar dugulako arazoa konpon dadin. Gipuzkoa, Zero Zabor lurralde izatea posible da. Zergatik ez saiatu?
Irudia: GZZ.