Elurrak mendi gainak baino ez ditu zuritu

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 25a, 00:00

Iragarritako elurterik ez dugu izan, ez behintzat Kaxkoan, ezta auzoetan ere. Mendi gainak ordea bai, zuritu ditu. Atzo, Andatza gaina elurtuta esnatu zen moduan, gaur beherago ere elur arrastoak aurkitu ditugu. Kalezar, Aginaga, Urdaiaga edota Zubietatik mendi aldera abiatuta, zurituta ziren zelaiak. Zuri-zuri aipatu moduan, Bordatxo edota Andatza gainak. Goizean, elurra bota du zenbait uneetan, Urdaiagan, baita Kalezarretik Arratzainerako bidean ere, eta noski, baita lekuotatik goranzko bide osoan.

Kaxko aldean gaur goizean elurraren arrastorik ez zen. Atzorako elur zaparrak espero ziren arren, elur arrastorik ere ez. Larunbat goizean bai bota zuen elur hautsa, baina ez lurrean pilatzeko moduan. Denborale honen okerrena pasa da inguruotan. Asteburu osoan, elurte arriskuagatik alerta naranjan egon ostean, inguruotan alerta horian gaude gaur, Euskalmet-etik diotenez. Egoerak hobera egin duen seinale. Abisu horiaren eraginpean egongo gara astelehen honetan, noizbehinka elurra egin dezakeelakoan. Elur maila goizean, 100-300 metro artean kokatuko da, baina arratsaldean gorantz egingo du. 200-400 metro artean bota dezake. Trumoi ekaitzak eta txingorra izateko probabilitatea "handia" da, Euskalmet-en arabera. Abisu horian jarraituko dugu baita, tenperatura hotz eta izotz arriskuagatik.

Elur giroa, azkenetan
Iragarpenen arabera, biharkoa izango da ekaitz honen azken eguna. "Hotz handiarekin jarraituko dugu, prezipitazioa denean egingo du eta elurra nahikoa maila baxuetan. Zaparradak sarri botako ditu, bereziki kantauri isurialdean, eta gainera trumoi-ekaitza eta kazkabarra izateko arriskua handia izango da. Elur-maila 200-300 m-ra egongo da goizaldean, eta egunaren bigarren partean 500-600 m-ra igoko da. Termometroak apur bat igoko dira, 5-6 ºC-ra barnealdean eta 7-8 ºC-ra helduko dira kostaldean", dio Euskalmet-en prebisioak. Bihar jada, zonalde honetan ez gara alerta egoeran egongo. Eta asteazkenetik aurrera, eguraldiak nabarmen egingo du hobera.