Kalean, parkean, euskara baino erdara sarriago entzuten dela dioten herritarren kezka areagotu da azken aldian, eta horrek bilera baterako hitzordua jartzea ekarri du, asteazkenerako, otsailaren 27rako, 18:30etan Potxoenean.
Euskaraz bizi nahi duen herritar orori zuzendua egongo da saioa. Etziko hitzordua, joan den urtarrilaren 16an burutu zen Kultura Aholku Batzordean planteaturiko kezka baten haritik dator. Usurbilen, hainbat gunetan euskara baino erdara gehiago erabiltzen den inpresiotik hain zuzen. Horregatik, “euskararen erabilera gaitzat hartu eta zer egin zitekeen aztertzeko bilera bat egitekotan geratu ginen”, dio hilaren 27ko ekimeneko deialdiak. Euskara bizitzako alor guztietara eramatea helburu dute. Bilera horretan, gai hauek landuko dituzte:
1-Gaiaren kokapena egitea, azken datuen aipamena eginez.
2-Usurbilen euskaraz bizitzeko ditugun indar gune eta ahultasunak aztertzea.
3-Ahultasun horiei irtenbidea emateko proposamenak egitea.
4-Aurrera begirakoak zehaztea.