Bost mozio irakurri, eztabaidatu eta bozkatuko dira, gaurko deitua dagoen osoko ohiko bilkuran. Otsaileko azken asteartea dugu hilaren 26 hau, udal taldeak bildu eta zenbait erabaki hartzeko eguna beraz. Osoko bilkurako hitzordua ohikoa da. Saioa arratsaldeko 18:00etan hasiko da, Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Udal ordezkariek landuko duten gai zerrendan, nabarmentzekoen artean, aipatu bezala, kasu gehienetan eragile politikoek aurkezturiko mozioak daude.
Bat, 197/2006 doktrinaren aurkakoa. Gogoan izan, martxoaren 20an, Europako Giza Eskubideen Auzitegiko Areto Handiak, Espainiako Estatuak joan den uztailaren 10eko epaiaren kontra aurkeztutako helegitea aztertuko du. Doktrina honen aplikazioa dela eta, kalean behar zuten hainbat euskal preso politikok espetxean jarraitzen dute. Tartean, usurbildar batek; Ramon Uribek.
Elkartasun adierazpenak
Bildu eta Aralarrek aurkeztu dute aztergai hau izango duen testua. Bi udal taldeok, PSOE-EErekin batera, beste bi mozio ere eramango dituzte gaurko osoko bilkurara. Batetik, martxoaren 8an izango den Emakume Langilearen Nazioarteko Egunari loturiko adierazpen instituzionala, eta bestalde, Huyck Wanger (Perot)eko langileen aldeko testua.
Bada PSOE-EE taldearen aldetik beste mozio bat ere, Saharar herriari elkartasuna adierazten diona. Eta azkenik, Afagik aurkeztutakoa; "Alzheimerrarekiko hiri solidarioa deituriko instituzio deklarazioa onartzea".
Bada hirigintza alorrari lotutako beste gai bat; Agerialdeko eremuari eragiten diona. Laburbilduz, hauek dira otsailaren 26 honetako osoko bilkuran, udalbatzak ahotan hartuko dituen gaiak:
1-Aurreko bilkurako akten onespena:
-2013/01/29ko bilkurako akta.
-2013/02/11ko bilkurako akta.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2013ko urtarrilaren 25etik otsailaren 21era (2013/0106-2013/0213).
3-Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako SGED-2 (Agerialde) Sistema Orokorrari dagokion Xehetasun-Azterketa behin betikoz onartzea.
4-Galderak, eskaerak eta mozioak:
4.1.-Afagik aurkeztutako Alzheimerrarekiko hiri solidarioa deituriko instituzio deklarazioa onartzea.
4.2.-Bildu, Aralar eta PSOE-EE taldeek aurkeztutako mozioa Huyck Wanger (Perot)eko langileen alde.
4.3.-Bildu eta Aralar taldeek aurkeztutako mozioa. 197/2006 Doktrina: zigor gehigarriaren ankerkeria.
4.4.-Aralar, Bildu eta PSOE-EE taldeek aurkeztutako adierazpen instituzionala 2013ko martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta.
4.5-PSOE-EE taldeak aurkeztutako mozioa: Saharaui herriarekin elkartasuna.