Igande honetan ospatuko den laugarren Tipi-Taparako menua prest dute jada, Artzabal, Txapeldun, Bordatxo, Aitzaga eta Txiriboga tabernek. Martxoaren 3ko hitzorduko zizka-mizkak elaboratzeko hautatu duten produktua zein den jakiteko, ondoko argazkia begiratu besterik ez dago.
Tabernetako langileek ondoko erretratuan iragartzen ari diren moduan, zaldi-haragidun pintxoak dastatzeko aukera egongo da aipatu bost edaritegiotan. “Zaldi azpizun carpaccioa, zaldi-haragizko bolak, zaldi enpanadak fuarekin, zaldi hanburgesak saltsa bereziarekin, zaldi haragizko gisatua”, berri eman dute antolatzaileek, Hurbilago Usurbilgo Merkatarien eta Ostalarien Elkartetik. Ohi bezala, pintxo hauek igande goiz eta eguerdi partean eskatu ahal izango dira aipatu bost tabernetan, arratsaldeko 15:00ak arte. 2 eurotan pintxoa eta edaria (urteko ardo gorru, zuri edo beltza; txakolina, sagardoa, zuritoa, muztioa edo ura), 1,5 euroren truke mokadua bakarrik.
Ez ahaztu bost edaritegietako batera joanez gero, “Tipi-Tapa txartela” eskatzea. Aurreko edizioetatik jasoa baduzue, gogoan izan balio duela. Taberna guztietako zigiluak lortu ostean, guneotako kutxetako batean utzi eta 300 euroko erosketa-balearen zozketan parte hartu ahal izango duzue. Zozketa bi hilean behin egiten da. Hurrengoa, apirilaren 7an Bordatxon.
Irudia: Hurbilago.