Afagik, Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak mozio bat tramitatua zuen, atzo arratsaldean burutu zen osoko ohiko bilkuran, udalbatzak eztabaidatu eta onar zezan. Usurbilgo Udalari "Alzheimerrarekiko hiri solidarioan" bilakatzea eskatzen zion testuak. Baina mozio hau azkenean, beste pleno batera eramatekotan geratu ziren, gai honen inguruko "informazio gehiago eskatu nahi dugulako", Mertxe Aizpurua alkateak zioenez. "Ez dakigu zertara konprometitzen gaituen", gaineratu zuen. Eta honenbestez, informazio gehiago izan ahala, hurrengo osoko bilkura batera eramateko proposamena egin zuten gobernu taldetik.
Horregatik, ez zen mozioa onartu edo alboratzeko aurreikusitako bozketarik izan. Testua hurrengo pleno batean tratatzearen inguruan bozkatu zuten udal taldeek. Emaitza, honako hauxe: Bildu, Aralar eta EAJ-PNV alde. Hamaikabat eta PSE-EE abstenituta. Gehiengo osoak hala erabakita, mozioa beraz, hurrengo saio batean aztertuko dute.