Estatu sahararra aldarrikatu zuteneko 37 urte betetzen dira otsailaren 27 honetan. Urteurren honi lotuta, saharar herriarekiko elkartasun adierazpena aho batez onartu zuen udalbatzak, atzo burutu zen osoko ohiko bilkuran. PSE-EE udal taldeak aurkezturiko testuak jasotzen duenez, "Usurbilgo Udaleko udalbatzak saharar herriari bere elkartasuna adierazten dio eta isolamenduarekin eta bizi duten defizit humanitarioarekin amaitzeko irtenbidea bilatzea eskatzen dio estatu espainiar eta marokoarrari. Era berean, Alkateari Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoko bandera jartzea proposatzen zaio otsailaren 27an udaletxean, estatu sahararra aldarrikatu zeneko 37. urteurren egunean".
Mozioa PSE-EEko bozeramaile Ricardo Crespok irakurri zuen. Bere esanetan, "Euskadiko elkarte batzuen eskaerari ahotsa eman diogu". Argibide gehiago, aipatu moduan, Crespok irakurri zuen testuak jasotzen ditu:
HERRI SAHARARRAREKIKO ELKARTASUN MOZIOA
Euskadiko Saharar Ikasle eta Gazteen Elkartea Usurbilgo Udaleko talde honengana zuzendu da, Euskadiko udal sare baten sorrerari loturiko ekimen baten berri emateko. Helburua, otsailaren 27an Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zeneko 37. urteurrena betetzen dela eta, bertako bandera udaletxeetan jartzea da.
Duela hamarkada askotatik herri euskaldun eta herri sahararraren artean, elkartasunean eta Giza Eskubideak errespetatzeko beharrean oinarritua dagoen elkartasuna indartzen lagunduko duen keinua izango da.
Sahararrek 40 urte daramatzate, 2.700 kilometro luze dituen horma batengatik bi zonaldeetan banatuta. Zonaldeetako bat marokoar erregimenarenpean dago eta bestea, errefuxiatuta atzerritik jasotzen duten laguntza humanitorioarekin bizi irauten.
Nazioarteko Komunitateko ehunka ebazpenek, saharar herriak autodeterminaziorako duen eskubide legitimoa berresten dute. Baina egun, oraindik gauzatu ez den eskubide bat da. Bitartean, saharar herriak, demokrazia eta askatasun kolektiboen balore eta printzipioetan sinesten duten herritar eta erakundeen babesa du.
Horregatik guztiagatik, Udal Talde honek honakoa proposatzen du:
MOZIOA
"Usurbilgo Udaleko udalbatzak saharar herriari bere elkartasuna adierazten dio eta isolamenduarekin eta bizi duten defizit humanitarioarekin amaitzeko irtenbidea bilatzea eskatzen dio estatu espainiar eta marokoarrari. Era berean, Alkateari Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoko bandera jartzea proposatzen zaio otsailaren 27an udaletxean, estatu sahararra aldarrikatu zeneko 37. urteurren egunean".