Zizurkilen kokatua dagoen Huyck Wangner (Perot) enpresako langileei elkartasuna adierazi zien udalbatzak atzoko osoko bilkuran, "bereziki bertan lan egiten duen usurbildarrari". Bertan diharduten 81 langileetatik 75 kaleratuak izango direla jakinarazi zieten enpresako kontseilariak joan den urtarrilaren 21ean. Egun, greba mugagabean dira. Erakunde publikoen inplikazioa eskatzen dute langileek, arazo hau konpontzeko. Bide judiziala jorratzea ere ez dute baztertzen. Testuinguru horretan, langileek euren udalerrietako udaletxeetara jo eta atzoko osoko bilkuran irakurri eta aho batez onartu zen honako mozio hau aurkeztu dute:
HUYCK WANGNER (PEROT)-eko LANGILEEN ALDE
AURREKARIAK ETA ARRAZOIEN AZALPENA:
Zizurkilen kokatua dagoen HUYCK WANGNER enpresa, lehen PEROT izena zuena, multinazional baten esku dago, zehazki XERIUM izeneko talde baten barruan dago. Multinazional honen jabeak estatubatuarrak eta alemaniarrak dira. Papergintzako fabrikentzat egiten du lan Zizurkilgo lantegiak, tela metalikoak eginez.
Urtarrilaren 21ean, enpresako kontseilariak eta hauen abokatuak Donostian bilera batera deitu gintuzten, hartu behar zituzten neurrien berri emateko.
Azalpen labur batzuk eman eta gero, multinazionalaren abokatuek esan ziguten hartutako erabakia: Zizurkileko lantokian dauden 81 langileetatik 75 kaleratuak izango zirela. Honek, argi eta garbi, lantegiaren itxiera suposatzen du.
Emandako arrazoiak, nagusiki, bi izan ziren: batetik, papergintzaren sektoreak eta multinazionalak jasaten ari diren krisia, eta bestetik Zizurkilgo lantegian dagoen makinaria zaharkituta dagoela, eta hau berritzeko gehiegizko inbertsioa egin beharko litzatekeela (19 eta 24 milioi euro artekoa, haien esanetan). Hori zela eta, hemen egiten den lana beste herrialde batzuetako lantegietara eraman nahi zutela esan ziguten: batez ere Italiara, baina baita ere Alemania eta Austriara.
Guk, lehenengo momentutik, haiek ezarritako aurrekariak ez ditugula onartzen, eta errealitatearen zati garrantzitsuenak aipatu ez izana leporatu genien. Izan ere, egun hartan esan ez zigutena zera da:
-Zizurkilgo lantegiak, krisiak krisi, urtero benefizioak eman dituela.
-Produktibitate ratioak ikusita ere, enpresa taldeko lantegirik hoberena dela, hau da, langile bakoitzeko produkzio gehien egiten duena.
-Hemen erabiltzen diren makinen aldaketa aspaldi aurreikusia zegoen. Makinaria dagoeneko amortizatuta dago eta urtez urte, lantegiak emandako benefizioez gain, diru kopuru bat makinaria berritzeko gordetzen joan dira urte guzti hauetan.
-Hemengo langileen soldatak ere ez dira arazo, hau inoiz ez da arazoa, nahiz eta beti aitzakiatzat erabili. Honen aurrean esan behar da produkzioa eraman nahi duten herrialdeetako lan-sariak askoz handiagoak direla.
Beraz, inongo zalantzarik gabe, eta dauzkagun datuen arabera, ondorio argi bat atera dezakegu:
Lantegi hau hustutzeko erabakia soilik estrategikoa izan da. Aurrera eraman nahi duten lekukotze edo berrantolaketa hau, oraindik diru gehiago irabazteko asmoz hartutako erabakia da, eta ez dute kontutan hartu nahi, 75 langile, 75 familia, kalean utzi nahi dituztela, lantegiak dirua ematen duen bitartean, produkzio maila hoberena duen bitartean eta orain egin beharreko inbertsioa aspaldi aurreikusita zegoen bitartean.
Multinazionalen arduradunak, jakin badakite hartutako erabakia guztiz ulertezina eta mingarria dela, eta horren adibide, azken egunetan hartu dituzten neurriak eta jarrera ditugu:
-Bilera egunaren aurreko astean, produkzio guztia enpresatik atera eta biltegi batzuetara eraman zuten.
-Enpresako sarreran segurtasun pribatua jarri dute.
-Enpresara sartzea debekatu digute.
-Enpresarekin harremana duen guztia esternalizatu egin dute: Donostian zituzten abokatuen ordez Madrilgo abokatuak hartu dituzte, jarritako segurtasun pribatuko enpresa eta langileak kanpokoak dira, eta orain arte Zizurkilen egondako zuzendaritza ere kaleratua izan da. Hau da, bakarrik utzi nahi gaituzte, bitartekaririk gabe.
Erreforma Laborala egin zutenetik, langile klasearen aurkako eraso asko pairatu ditugu, eta kasu hau ez da salbuespena. Madrilgo gobernuak inposatutako Erreforma Laboralak merkealdiak ekarri dituzte: lan-sarien, kaleratzeen eta lan-baldintzen merkealdiak! PEROT-en kasuan, multinazionalak eskaintza honi erantzunez, bideragarria den lantegi bat ixtera etorri da, hemen egitea merkeago delako, beste leku batzuetan egitea baino.
Arazoa eta konponbide beharra gizarteratu egingo dugu. Honetarako, ondorengo egitasmoak bideratuko ditugu:
1-Greba mugagabean jarraituko dugu, eta honekin batera etorriko diren hainbat eta hainbat ekintza burutuko ditugu.
2-Beharrezkoa izango balitz, bide judiziala ere landuko dugu, hartutako erabakia guztiz neurrigabea delako.
3-Instituzio eta Administrazio Publikoen inplikazioa bilatuko dugu, arazo honi irtenbidea emateko modu asko daudelako, eta arazo honetan zer esanik badutelako.
4-Enpresarekin negoziaketak egiten jarraituko dugu, hartutako erabaki ulergaitza alda arazteko asmoz.
Guzti hau agertu eta Usurbilgo Udalari eskatzen diogu Zizurkilgo Huyck Wangner enpresako langile guztiei elkartasuna adieraztea eta bereziki bertan lan egiten duen usurbildarrari.