Ekozinemaldiaren amaiera gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 28a, 00:00

Usurbiltzenek Usurbilgo Gaztetxean antolatu eta asteartean hasi zen Ekozinemaldia, gaur amaituko da. Iluntzeko 19:00etatik aurrera, "Fin CIV" izeneko filma ikusi ahal izango da. 

Eko-topaketak
Bestalde, Itaya Gazte Asanbladak, biharko kutsaduraren aurkako elkarretaratzearekin batera (20:00etan, Mikel Laboa plazan), "Eko-Olio jardunaldiak" antolatu ditu martxoaren 3tik 7ra Usurbilgo Gaztetxean. Hiru ikastaro guztira, doan. Olioarekin xaboia egiteko ikastaroa lehenik. "Bertan etxeko olio zaharra berrerabiliz xaboia egiten ikasiko dugu, baita ontzi garbikaria, hortzetako pasta.... Ahaz zaitez dendan xaboi garestiak erosteaz!!!", berri eman dute antolatzaileek. Bi egun beranduago, "Uztaro kontsumo kooperatibako Jokinen eskutik etxeko olio zaharra diesel autoetan nola erregai modura berrerabil daitekeen ikasiko dugu hitzaldi-mahainguru baten bitartez. Etikoa, merkea eta ekologikoa ezta??". Eta azkenik, martxoaren 7an, "energia iturri desberdinak aprobetxatzeko guk geuk etxean egin ditzazkegun tramankuluei buruzko tertulia izango dugu ( eguzki-sukaldea, eguzki-labea, ura berotzeko sistemak, ...), halere ez dira faltako adibide praktikoak!!!!!", ohartarazi dute Itayatik.  Hemen zehaztasun gehiago:

-Martxoak 3 (Igandea) 16:30etan Gaztetxean: “Olioarekin xaboia egiteko kurtsoa” 
-Martxoak 5 (Asteartea) 18:30etan Gaztetxean: “Olio erabilia autoarentzat erregai” ikastaroa.
-Martxoak 7 (Osteguna) 18:30etan Gaztetxean: “Eguzki labe eta sukaldearen tailerra”

Erabilitako olioa
Ikastarootan parte hartzera deitzen dute Itayatik. "Beraz badakizu martxoa ondo hasi nahi baduzu etor zaitez gaztetxera eta ospa ditzagun Ekotopaketa oliotsuak!!!!!!!!". Bide batez, ohartarazi dutenez, "etxeko olio zaharra berrerabiltzen dugu, beraz gaztetxera ekarri nahi duena zinez eskertua izango da".