Aginagako auzolan esperientzia, telebista bidez plazaratuko dute gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 28a, 00:00

Gaur iluntzean ezohiko mugimendua izango dute, Aginagako Eliza zaharraren inguruan. Otsaileko bigarren asteburuan hasi zituzten, eraikina eraberritzeko lanak. Aginagarren artean, auzolanean. Eta auzolan esperientzia honen berri jasotzera doaz gaur, Euskal Telebistako kamerak. Iluntzero, ETB 2 telebista katean emititzen den "Euskadi Directo" saioko lan talde bat Aginagan izango da ostegun iluntze honetan, erreportajea grabatzen. Eta antza, gerora 20:00ak pasatxotan eskaintzen duten saioan zuzenean bat egingo dute Aginagarekin, bertako berri jasotzeko.

Aginagako eliza zaharraren eraberritze lanak otsailaren 9an hasi zituzten. Gogoan izan, astebururo aritzen direla bertan auzolanean. Eginkizun hauetarako ordutegi bat ere jarria dute; larunbatetan, goizez 8:30-13:00 artean aritzen dira, arratsaldez 14:30-18:30 artean. Igandeetan, 8:30-12:30 artean. Bertako eliza zaharra eraberritzea dute helburu. Erabilera anitzeko gune moduan egokitu nahi dute, besteak beste, San Praixkuetako jai toki eta garai bateko hainbat aginagarren oroitzapenetan dagoen eraikin barrua.