Errauste planta atzera botatzeko, igandean azken bultzada ematera deitu dute

Noaua Aldizkaria 2013ko ots. 28a, 00:00

Errauste planta egitasmoa behin betiko bertan behera uztea eskatzeko, "azken bultzada" ematera deitzen dituzte herritarrak igande honetarako, martxoaren 3rako frontoian eta Dema plaza inguruetan Usurbil Zero Zabor taldeak deitu duen ekimenean. Hitzordua, goizeko 11:30etatik aurrera jarri dute, 14:00ak arte. Hauxe antolatzaileek sei egun barrurako egin duten aurrerapena: "Dema plazan erraustegiaren maketa bat kokatuko da, eta horren inguruan herritarrak agertzea eta bakoitzak bere bultzada ematea nahi genuke, (bikoteka, taldeka, kuadrilan, .. argazkiak aterako dira maketaren alboan) behin betikoz proiektua atzera botatzea eskatzen dugula adieraziz. Goiza girotuta egongo da, “hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola nola laster eroriko dan” abestia bertsoz lagundurik abestuko dugu denon artean, musika zuzenean izango dugu ….. Ekitaldiaren une gorena 13:00ak inguruan izango da, orduan, bertaratzen diren herritar guztiekin argazki bat aterako baita, erraustegiari bultza eginez". 

Ondoko argazkian, iaz frontoian burutu zen atez ateko bilketaren aldeko ekimena. Bilketa sistema hau Usurbilen abiatu zela, lau urte beteko dira martxoaren 16an.