“Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola nola laster eroriko dan” abestiaz gogoratzen? Igande goiz honetan ozen entzungo da kanta hau frontoi eta Dema plaza inguruan. Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldeak errauste plantari "azken bultzada" eman eta aipatu egitasmoa behin betiko bertan behera uzteko ekimena antolatu du, martxoaren 3 honetarako, 11:30-14:00 artean. Herritarrei pilotaleku inguruan burutuko den ekimenera gerturatzera deitzen zaie. Aipatu kanta ezaguna abestera, baina baita argazkia ateratzera ere. "Ekitaldiaren une gorena 13:00ak inguruan izango da, orduan, bertaratzen diren herritar guztiekin argazki bat aterako baita, erraustegiari bultza eginez", iragarri dute UZZ-tik.
Erraustegiaren maketa bat jarriko dute antolatzaileek, "eta horren inguruan herritarrak agertzea eta bakoitzak bere bultzada ematea nahi genuke, (bikoteka, taldeka, kuadrilan, .. argazkiak aterako dira maketaren alboan) behin betikoz proiektua atzera botatzea eskatzen dugula adieraziz". Igande goiza bertso eta musikaz giroturik egongo da.
Ekimen honen harira, UZZ-ko ordezkariek elkarrizketa eskaini diote NOAUA!ri. Hona hemen, galdera eta erantzunak bere osotasunean:
Zubietako errauste planta egitasmoa behin betiko bertan behera uztea eskatzeko azken bultzada ematera deitu dute Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldetik. Igandean, 11:30etatik aurrera frontoian burutuko den ekimenera gerturatzera deitzen dute. Martxoaren 3ko hitzorduaren berri, eta hondakinen kudeaketari lotuta pil-pilean zenbait gaien inguruan mintzatu dira UZZ-koak NOAUA!rekin.
Iganderako zer antolatu duzue?
Usurbil Zero Zabor: Egitaraua goizeko 11:30ak eta eguerdiko 14:00ak arteko tartean garatuko da. Dema plazan erraustegiaren maketa bat kokatuko da, eta horren inguruan herritarrak agertzea eta bakoitzak bere bultzada ematea nahi genuke, (bikoteka, taldeka, kuadrilan, .. argazkiak aterako dira maketaren alboan) behin betikoz proiektua atzera botatzea eskatzen dugula adieraziz. Goiza girotuta egongo da, “hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola nola laster eroriko dan” abestia bertsoz lagundurik abestuko dugu denon artean, musika zuzenean izango dugu ….. Ekitaldiaren une gorena 13:00ak inguruan izango da, orduan, bertaratzen diren herritar guztiekin argazki bat aterako baita, erraustegiari bultza eginez.
Zergatik martxoaren 3ko ekimen hau?
Herritarron OSASUNA eta INGURUMENA beste edozeren gainetik daudela birgogorarazi nahi dugu. Carlos III. unibertsitateko Epidemiologia zentroak argitaratu berri duen ikerketak arrisku hori egiaztatu du. Administrazioak erabakiak herritarren interesei begira hartu behar ditu, eta, herritarrak bestelako interes kaltegarrietatik babestu. Errausketa, tratamendu zaharkitu, garesti, kutsakor eta arriskutsua da. Badira hiri hondakinak kudeatzeko era osasungarriago, merkeago eta jasangarriagoak. Bada garaia erraustegiaren proiektua behin betiko bertan behera uzteko, herritarrak, osasuna eta ingurumena ardatz izango dituen hondakinen kudeaketa eredua gauzatzeko. Errauste proiektua eta kontratuak behin betiko bertan behera uztea eskatzen dugula adieraztea da ekimenaren helburua.
Zergatik parte hartu behar lukete herritarrek igandeko hitzorduan?
Errauste plantaren mehatxuak hor segitzen duelako. Herritarrok erakundeetako arduradunei ozen eta garbi esan behar diegu aukera onargarri bakarra dagoela, kontratuak eten eta behin betiko proiektua bertan behera uztea. Zero zabor jokabidearen aroa ireki da Gipuzkoan, eta horretarako traba handia da erraustegiaren proiektuaz eten gabe jardun beharra. Gure indar asko alferrik galtzea besterik ez du eragiten.
Errauste planta egitasmoa zertan da?
Suspensoan egon da hauteskunde ondoren GHKan kudeaketaz arduratzen direnak aldatu zirenetik. Bankuekin eta enpresekin negoziatzeko epea izan da hori, erraustegiaren proiektua ahalik eta kalterik txikienarekin bertan behera utzi nahian. Epea asko luzatu da eta erabakiak hartu beharko dira norabide batean ala bestean. Herritarron indar erakustaldi bat egiteak garrantzi handia dauka une honetan. Azken urteotan egin ditugun ahalegin guztiak alferrik izan ez daitezen mugitu beharra daukagu. Eskura daukagu aukera. Luza dezagun besoa eta eman diezaiogun azken bultzada, behin betikoz erraustegiaren proiektua albo batera gera dadin.
Nork du hondakinen kudeaketa ereduari loturiko gaietan, erabakiak hartzeko azken hitza?
Kontua ez da gure ustez noren eskumena den, baizik eta arauen arabera norena den. Errauste plantaren lanak GHK eta enpresen arteko kontratuen ondorio dira. GHKaren eskumena da legez eta logikaz kontratu horien kudeaketa. Azpiegiturek hiri hondakinen errealitateari erantzun behar diete. Gipuzkoako udalerrien gehiengoak zero zabor norabidean konpromisoak hartzeko borondatea publikoki adierazi dute. Adierazitakoa gauzatzen ere hasi dira zenbait, eta, azken urteotako emaitzek ere baieztatzen dute aurreko plangintzetan egindako aurreikuspenak errealitatetik oso urrun daudela. Beraz, GHKn daukagun ordezkariak, herritarrek eta udalek adierazitakoari erantzungo dien azpiegituren alde egingo du.
4 urte betetzear ditu atez atekoak Usurbilen. Zerk erakusten du egun, 2009an atez ateko bilketa martxan jartzea erabaki egokia izan zela?
Orduan hitzez esaten genuena erakutsi da, hau da, hondakinak errausketarik gabe kudeatzea hobea izateaz gain posible ere badela, bilketa emaitza ikusgarriak lortuz han eta hemen. Askok jarrera ezkorra izaten dute halakoetan. “Usurbilek bakarrik egiten badu ez du ezertarako balio” zioten askok orduan. Baina Usurbilek posible dela erakusteak ekarri zuen Hernanin, Oiartzunen eta Antzuolan urrats hori egiteko aukera. Teknologiarik aurreratuenak baino gehiago egin dezake herritarraren eskuak eta borondate irmoak, horixe erakutsi da atez atekoa abian dagoen herrietan. Eta hauek egin izanak, orain, Gipuzkoan beste 34 herri, bide horretan egotea ahalbidetu du. Dudarik ez izan, 38 herriok, atzetik beste urrats berriak etor daitezen baldintzak sortuko dituztela. Eta kontua ez da hor gelditzen, Usurbilek orduan emandako urrats hark, ia Euskal Herri osora hedatu du hiri hondakinen eztabaida, ezer ez da berdin hondakinen kontuan Usurbilen atez ateko bilketa ezarri eta gero. Gure ahalmenean sinistu behar dugu.
Laster udalerri gehiagok abiatuko dute atez ateko bilketa. Usurbilgo esperientziaren ikuspuntutik, nola ikusten duzue zenbait udalerritan piztu den eztabaida?
Gezurrak, kontrako mugimenduak... denak ezagutu genituen Usurbilen ere. Ezarpenaren fase bat bezala hartu behar da. Errausketa proiektuaren atzean zer-nolako interes ekonomikoak dauden konturatzeko argigarria da bizitzen ari diren tentsioa. Indar latza daukate hor atzean dauden botere ekonomikoek, gure egunerokoa mediatizatzeko baliabideak eurenak baitira. Baina errealitateak, eta ondo egindako lanak oztopoak gainditzea posible egiten dute.
Martxoaren 7an, Europako Parlamentuak jokabide on bezala aztertuko du Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua. Zerk suposatzen du honek, zero zabor bidea jorratu nahi duen herrialdearentzat?
Egoera perspektibarekin ikusteko aukera ematen du. Batzuk tematzen dira hau lau zororen harrikada balitz bezala aurkezten, atzera egitea dela eta beste hamaika txorakeri esanez. Baina hemen egiten ari garena, Europan eta munduan interes handiz ari dira begiratzen, eredugarritzat daukate. Horrek gauzak bere lekuan jartzeko eta aurrera egiteko indarra hartzeko balio beharko liguke.