Kulturan, baita Nekazaritza eta Ingurumen eta gizarte zerbitzuen arloetan ere diru-laguntzak eskatzeko epea itxiko du gaur Usurbilgo Udalak, alor hauetako herriko talde edo elkarteentzat. Eskaerak ostiral honetara arte aurkeztu daitezke, kultura, nekazaritza eta ingurumenekoen kasuan. Astelehenera arte, hilaren 4ra arte, gizarte zerbitzuen kasuan. Udal deialdi honek, urte honetan zehar Usurbilen burutu ahalko diren egitasmoak laguntzea du helburu. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta daude deialdi hauek.. Usurbilgo Udalaren atari usurbil.net web orrialdean eskuragarri daude, diru laguntza hauen deialdiak eta eskaera orriak.
Hona hemen, datozen egunei begira, kontuan hartzeko beste deialdi batzuk:
“Stop etxegabetzeak” elkartekoen hitzaldia
Pil-pilean dagoen etxegabetzeen gaia jorratuko da datorren astean. Usurbilgo Udalak hitzaldia antolatu baitu martxoaren 5ean, 19:00etan Potxoenean. “Stop etxegabetzeak” elkarteko ordezkariak arituko dira hizlari lanetan.
EHGAM-ek triki poteoa eta afaria antolatu ditu Usurbilen
"Trans-Bi-Les-Gay Txotx 2013" ekimena antolatu du EHGAM elkarteak, martxoaren 16rako Usurbilen. Biltzeko hitzordua 18:00etan finkatu dute Donostiako Hotel Amara Plaza ondoko bus geltokian. 18:30etan Usurbilen, Txirristran abiatuko den triki-poteoarekin jarraituko dute. Ondoren, afaria Arratzain sagardotegian. Eta azkenik, 1:00etatik aurrera jaialdia antolatu dute Donostiako Doka kafe antzokian, 2ttor eta Umea MJ dj-ekin. Prezioa: 24 euro sagardotegiko afaria. 32 eurotan, afaria eta autobusa. Izen emateko epea irekita dago, martxoaren 11ra arte. Euskadiko Kutxako kontu korronte zenbaki honetan egin behar dira ordainketak, nork bere izen abizenak adieraziz: 3035 0063 82 0630030222. Informazio gehiago: 667 435 570, ehgam@yahoo.com, ehgam.org edo facebook.com/ehgam.
Sagastien kimaketari buruzko ikastaroa
Alkartasuna Kooperatibak antolatu du ikastaro hau, martxoaren 9rako. Lau orduko iraupena izango du: 9:00etan hasi eta 13:00etan amaituko da. 2 ordu teoriko eta beste bi praktiko izango dira. Doan eman daiteke izena, alkartasuna@usurbil.com helbidera idatzita, Alkartasunako egoitzara joanda edo 943 361 114 telefono zenbakira deituta.
Antxomolantxakoen batzarra
Bazkideei zuzenduriko bilera antolatu du Aginagako Antxomolantxa Elkarteak. Hitzordua, martxoaren 7rako finkatu dute. 18:30etan, Aginagako ludotekan.
Korrikako arropa salgai
Martxoan ospatuko den euskararen aldeko lasterketako arropa salgai jarri dute, Etumeta AEK euskaltegian. Martxoaren 11ra arte eskuratu ahal izango dira jantziak. Informazio gehiago: usurbil@aek.org edo 607 609 379.
Dantza taldekoen liburua
Usurbilgo Dantza Taldearen historia jasoko duen liburua prestatzen dabiltza. Talde honen materiala duen edonork, (argazkiak bereziki) utzi nahiko balu, idatzi dezala email bat dantzataldea@usurbil.com helbidera edo deitu dezala 650 422 601 telefono zenbakira.
Dancehall tailerra
Martxoaren 9an, 17:00etan Dancehall Tailerra antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak. Raquel Koroma dantzariak eskainiko du saioa gaztetxean bertan. Izen emateko deitu 627 285 904 telefono zenbakira edo idatzi usurbilgogaztetxea@gmail.com helbidera. Tailerra hiru ordukoa izango da. Prezioa, 15 euro.
“Animatu pagotxa handia da eta aldakak inoiz ez bezala mugituko ditugu eta! Neska nahiz mutilentzat da, denok har dezakegu parte!!!!! Animatu eta zabaldu berria!!!!” luzatu dute gonbita Gaztetxetik.
Dancehall zer den ere azaldu dute: “Reggae mota bat da, baina gehiengoak entzun ohi duena baino askoz ere erritmo azkarragoak ditu. Raquel karrera luzeko dantzaria da, eskarmentu handia du irakasle-lanetan, eta nazioarteko artista askorekin egin du dantza. Egun, Londresen ari da lanean, eta egun batzuetarako itzuliko da Euskal Herrira. Oraingoz, Euskal Herrian emango duen Masterclass bakarra izango da Usurbilgoa. Izugarrizko luxua izango da bera gure artean izatea. Gorputza askatu eta kriston ariketa egingo dugu, arratsalde ederra pasatzeaz gain. Beraz, animatu eta eman izena, izen-ematea jada zabalik dago eta”.
Bihurri haur ludotekan izen ematea
Bazkidetzak ordaintzeko epea ireki dute Bihurri haur ludotekakoek. Bertako kide egin nahi dutenek, bazkide berriek alegia, 30 euro ordaindu beharko dituzte. Jada bazkide direnek 10 euro. Bazkide izateari utzi nahi diotenek orain dute baita, giltzak itzultzeko garaia. Izen emate epe hau martxora arte luzatuko da. Apuntatzeko, asteazken arratsaldetan, 17:00-18:00 artean garai bateko Gure Pakea elkarteko egoitzara gerturatu beharko da. Ordainketari buruzko argibide gehiago ere bertan jaso ahal izango dira.
Mintzalagun bila, gurasoen artean
Udarregi Ikastolako gurasoen artean mintzalagun taldeak osatu nahi dituzte. Helburu nagusi batekin; "Euskara ikasten ari diren gurasoei euren euskara maila hobetzeko aukera" emateko asmoz. Baina baita, lagun artea zabaldu edota ikastetxeko gurasoen arteko giroa euskaldundu nahian ere.
Interesdunek izen emate orria Udarregi Ikastolako idazkaritzan utzi dezakete edo nork bere datuak eman Etumeta AEK euskaltegira deituta, 607 609 379 telefono zenbakira hain zuzen. "Zerrendak osatzen direnean, zuekin jarriko gara harremanetan", berri eman dute ikastolako web orrialdetik. Izen ematea doakoa da noski, eta eskatzen den gauza bakarra, "euskara ikasteko eta erabiltzeko gogoa da!".
Ikastolan modu honetan bideratu nahi dute Mintzalagun egitasmoa. "Gurasoon artean talde txikiak sortuko ditugu; euskaraz dakien jendea eta ikasten ari direnak elkartuko gara, talde bakoitzak jarritako ordutegi eta egunetan, euskaraz hitz egiteko. Taldeak osatzeko gure interesak eta zaletasunak ere kontuan izango ditugu, taldeetako giroa gustukoa izan dadin. Taldeak 3 edo 4 lagunekoak izango dira eta Udarregi ikastolako gurasoekin osatuko ditugu. Gogoratu euskaldun zaharren laguntza ere ezinbestekoa dela, beraz, euskara ikasten ari zaretenak nahiz euskara badakizuenak ANIMATU!!!!", luzatu dute gonbita Udarregitik.
Ingeleseko mintza praktika EPA Lasarte HHI-n
Ingeleseko mintza praktika saioak egingo dira otsailetik ekainera bitartean. Astearte eta ostegunetan lehen taldea: 17:00-18:00. Bigarren taldea: 18:00-19:00. Informazio gehiago: 943 37 64 43 edo 943 36 66 08. 18 urtetik gorako edozeinek eman dezake izena.
Odol ematea, martxoaren 4an
Gogoan izan bestalde, Usurbilgo Odol Emaileen Elkarteak bi hilean behin antolatzen duela odola emateko hitzordua. Datorrena, martxoaren 4an izango da, 18:00-20:30 artean anbulatorioan.
KzGunea
Otsailean arratsaldez egongo da zabalik, 16:00-20:00 artean. Martxoan, goizez, 9:00-13:00 artean. Informazio gehiago: 943 023 684 edo tutor.usurbil@kzgunea.net. Ikastarook eskaintzen ari dira datozen egunotarako:
Martxoak 1: eOSASUN, Osakidetzaren online zerbitzuak.
Martxoak 4-15: KZgunea Internet ikastaroa.
Martxoak 8: OpenOffice Impress: Oinarrizkoa.
Martxoak 11: Facebook.
Martxoak 12: Twitter.