"Usurbilgo emakumeak protagonista" argazki erakusketa ikusgai

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 1a, 00:00

Gaurtik martxoaren 15era, garai bateko eta duela gutxi ateratako argazki erakusketa bat ikusteko aukera izango da. Herriko emakumeak dira erretratu guztiotako protagonistak. Zenbait herritar eta taldeek eginiko ekarpenei esker osaturiko irudi bilduma hau, Oiardo Kiroldegian eta Artzabalen ikusgai izango da hurrengo bi asteotan. 

Ekimen hau, martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, Usurbilgo Parekidetasun Kontseiluak eta Bota Punttubak elkarlanean antolatu duten ekimenetako bat da. Baina ez bakarra. 

Martxoaren 8aren inguruan antolatu dituzten gainerako ekitaldiak, datorren astean burutuko dira. Batetik, emakumeen binakako pala txapelketa ospatuko da, martxoaren 6 eta 7an, 18:30etatik aurrera frontoian. Hamar minutuko partidak jokatuko dituzte parte hartzaileek. Txapelketan izen emateko, deitu 943 377 110 telefono zenbakira, edo idatzi parekidetasuna@usurbil.net helbidera, martxoaren 4a baino lehen.

Txapelketak, martxoaren 7rako antolatu den Emakumeon Egunaren baitan jarraituko du, ordu eta leku berean. Baina aurretik, pilotalekuan bertan baina 17:00etan, emakumeen eskubideei loturiko murala margotuko dute Gaztelekuko kideek. Aldez aurretik, gai honen inguruko lanketa egin dute Gaztelekuan.

Bertso-afaria
Emakumeon Eguna borobiltzeko, iaz bezala, bertso-afaria antolatu dute hilaren 7an Artzabalen. 21:00etatik aurrera, afari eder baten bueltan, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Amaia Agirreren bertsoak entzuteko aukera izango da. Baita, emakumea eta sexualitatea hizpide dituen Itziar Sanz de Ojerren “Gozamenez” klown bakarrizketa entzutekoa ere. Guztia, 15 euroren truke. Txartelak salgai dira Artzabalen eta Txiribogan.

Martxoaren 8an ekimen gehiago
Bezperatan bakarrik ez, martxoaren 8rako ekimen gehiago iragarri ditu, kasu honetan, Itaya Gazte Asanbladak. Batetik, 17:30etan, gazteentzako oka jolas feminista Mikel Laboa plazan. Eguraldi txarra egiten badu, frontoian. Eta kontzertuak, gaueko 23:00etatik aurrera, Usurbilgo Gaztetxean: Mutxurdinak (Usurbil) eta Ddik (Irun). "Jarraian kulero karrera eta KARAOKE FEMINISTA! Animatu gurekin egun garrantzitsu hau ospatzera!", luzatu dute gonbita Itayakoek.

Ekimen guztion hitzorduak, agenda atalean ere ikusgai dituzue.


Martxoaren 8ko Adierazpen Instituzionala onartu du Udalak
Aralar, Bildu eta PSE-EE udal taldeek, martxoaren 8ko Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira aurkezturiko Adierazpen Instituzionala aho batez onartu zuen udalbatzak, asteartean burutu zen osoko ohiko bilkuran. Parekidetasun alorraz arduratzen den gobernu taldeko kide Enara Arbizuk irakurri zuen adierazpenean, besteak beste, datorren asterako Usurbilgo Parekidetasun Kontseiluak eta Bota Punttubak antolatu dituzten ekimenekin bat egin dute. Hitzorduotan, "gonbidatuak zaudete parte hartzera", adierazi zuen Arbizuk, adierazpen instituzionala irakurri ostean.


Ekimen hauen inguruko zehaztasunak, asteartean aho batez onarturiko mozio honetan jasoak daude:

2013KO MARTXOAK 8-ADIERAZPEN INSTITUZIONALA
Usurbilgo Udaleko Aralar, Bildu eta PSE-EE udal taldeak honako adierazpen instituzionala aurkezten du, 2013ko martxoaren 8ko Emakumeen Nazioarteko eguna dela-eta:

Euskal Herriko emakumeak krisi sistemiko batean murgilduta bizi dira, eta, egoera horren aurrean, Udal honetatik gogora ekarri nahi dugu martxoaren 8ko oroitzapenak esparru jakin batean kokatu behar direla, hain zuzen ere feministek emakume guztientzako eskubideen alde betidanik sustatutako aldarrikapenaren eta erresistentziaren esparruan.

Emakume feministek 1908an aldarrikatutako errebindikazio horrek indarrean jarraitzen du 2013an, are indar handiagoarekin gainera, eta horregatik lanean jarraitu behar dugu, era askotara zapaltzen eta menderatzen gaituen sistema kapitalista eta patriarkala errotik aldatzeko.

Eta borroka hori are garrantzitsuagoa da, halaber, behin eta berriz aplikatzen ari diren dekretuak, erreformak eta gizarte-murrizketak kontuan hartzen baditugu, urtetako borrokan gizartearen, lanaren, ekonomiaren eta politikaren arloetan irabazitako eskubideen zuzeneko galera dakarten neurrian. Finantzek eztanda egin eta zorraren iruzurra nabarmendu aurretik, emakumeok bide luzea genuen egiteko, eskubide guztiak geureganatu eta lortzeko. Alabaina, une honetan atzera egiten ari gara, diskurtso atzerakoi batek emakumeok berriz ere adingabe moduan tratatu nahi gaituelako, erabakitzeko gaitasunik gabe eta bizimodu prekario batera kondenatuta.

Atzerakada horren adierazgarri ditugu, batetik, abortuaren legearen erreforma iragartzen ari direla, erreforma ultrakontserbadorea eta eliza katolikoaren agintarien eskutik datorrena, eta, bestetik, inoren laguntza behar duten pertsonak zaintzeko laguntzetarako egundoko murrizketak, lan horren karga berriz ere familien-eta familien barruan, emakumeen- esku utziko duena, eta, horrenbestez, emakumeok prekarietate handiko eta errekonozimendu txikiko jardun horretan aritzera behartuko gaituena.

Urtero-urtero, martxoaren 8an emakumeok borroka feminista eguneratzen dugu, mundu berri bat sortzeko bidean. Mundu berri horretan, emakumeok gure bizitzaren eta gure gorputzaren jabe izango gara, bizimodu duina izango dugu, gure orain ekonomiko eta soziala eraikiko dugu, eta, edonon gaudela ere, subjektu politikoak eta etorkizun politikoaren zuzeneko eragileak izango gara.

Gure ustez, xede horiek guztiak lortzeko, funtsezkoa eta estrategikoa da erakundeek berdintasunerako politika publikoak lortzeko baliabideak jartzea, eta, ildo horretan, argi eta garbi adierazi nahi dugu toki-erakundeen eskutik xede horretarako programak eta baliabideak kentzeko asmoarekin etor litekeen erreforma oro guztiz gaitzetsi egingo dugula.

Gainera, Udal honek honako lehentasun hauek ere baditu:
-berdintasunerako politika publikoak garatzea, politika horien eskura aurrekontu eta teknikari egokiak jarriz.
-programak eta proiektuak aztertu, garatu eta ebaluatzerakoan udalaren gobernu-ekintza orok genero-ikuspegia kontuan hartzeko neurriak bultzatzea.
-emakumeen elkarteekiko eta mugimendu feministarekiko elkarrizketa politikoa indartzea.
-indarkeria matxistaren aurka borrokatzeko politikak eta berdintasunerako politikak etengabe uztartzea.

Azkenik, mugimendu feministak betidanik emakumeen eskubideen alde egindako erresistentzia eta borroka eskertu nahi dugu, eta, ildo horretatik, mugimendu horrek gure herrian martxoaren 8rako egindako deialdiarekin bat egiten dugu:

EMAKUMEON EGUNA
-Martxoaren 1etik 15era: Usurbilgo Emakumeak Protagonista argazki erakusketa, Oiardo Kiroldegian eta Artzabalen.

-Martxoaren 6 eta 7an:
 Emakumeon Eskubideen Aldeko Palakadak! Emakumeen Binakako Pala txapelketa, 18:30etan frontoian. Izen ematea: parekidetasuna@usurbil.net edo 943 377 110.

-Martxoaren 7an: 
17:00 Mural pintaketa frontoian, Gaztelekukoen eskutik.
21:00 Bertso-afaria Artzabalen, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Amaia Agirrerekin. Itziar Sanz de Ojerren "Gozamenez" klown bakarrizketa. Sarrerak 15 eurotan salgai, Txiribogan eta Artzabalen.