Errauste planta egitasmoa behin betiko bertan behera uzteko azken bultzada ematera deituak zeuden herritarrak Dema plazan, atzo eguerdian. Usurbil Zero Zabor (UZZ) taldeak ekimen berezi bat antolatua zuen. Hasteko, 2010eko Santixabelak zaintzen aritu zen jaietako maskota berreskuratu zuten. Urte hartan, errauste planta bat zintzilikatu zuten. Eta noski, jaien amaieran, maskota hura ez zuten erre, aurrerago berrerabiltzeko gorde zen. Atzo atera zuten berriz kalera, Dema plaza erdira hain zuzen. Bikote, lagun, koadrilek, familiek, hainbat herri eragileetako kideek edota udal ordezkariek, argazkiak atera zituzten errauste planta honekin, halako egitasmoarik ez zutela nahi adierazteko. Nola? Batzuk errauste plantari behingoz erortzeko bultzatzen, besteak lanabes desberdinekin errauste planta puskatzera joango balira bezala... Ekitaldia hasi zenetik amaitu arte, herritar asko eta asko pasa zen erretratua ateratzera.
Bultzada, irudi eta musika bidez
UZZ-koek antolaturiko ekimenak gehiagorako ere eman zuen. 2010eko maskota soilik ez, hilabete batzuk lehenago Usurbilen burutu zen hondakinen kudeaketaren inguruko herri galdeketaren kanpainan, orduan sortua zen Atez Ate Dudipe plataformaren ekimenetako batean ezagutzera emandako abestia ere entzuteko aukera izan baitzen. "Atez ate dudipe" zioen abesti hura, herriko musikarien eta haur talde batek eskuatik berreskuratu zuten atzokoan Dema plazan.
Ekitaldiaren une garrantzitsuena halere, ordubatak ingururako zegoen iragarria. Ordura arte, errauste plantarekin banaka, binaka, taldeka ateratako argazkietako herritarrak denak batu ziren, errauste planta txikiaren inguruan. Egitasmo hau behingoz bertan behera uztea eskatzeko argazki erraldoia atera zuten guztiek. Azken bultzada irudikatu zuten argazkien bidez, baina baita musikarekin ere. Euskal kantek horretarako eta gehiagorako ematen baitute.
Dema plazan bildutakoak, “Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola nola laster eroriko dan” abesten entzun genituen, antolakuntzak plazan bertan jarritako oholtzan, trikitilarien eta Asier Azpiroz zubietarraren bertsoez lagunduta. Bertso eta argazki artean, hitza hartu zuten baita antolatzaileek. Ozen aldakarrikatu zuten, beste behin, ez dutela erraustegirik nahi, ez hemen eta ez inon.