Larunbat honetan, martxoaren 9an, 17:00etan Dancehall Tailerra antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak. Raquel Koroma dantzariak eskainiko du saioa gaztetxean bertan. Izen emateko deitu 627 285 904 telefono zenbakira edo idatzi usurbilgogaztetxea@gmail.com helbidera. Tailerra hiru ordukoa izango da. Prezioa, 15 euro.
“Animatu pagotxa handia da eta aldakak inoiz ez bezala mugituko ditugu eta! Neska nahiz mutilentzat da, denok har dezakegu parte!!!!! Animatu eta zabaldu berria!!!!” luzatu dute gonbita Gaztetxetik.
Dancehall zer den ere azaldu dute: “Reggae mota bat da, baina gehiengoak entzun ohi duena baino askoz ere erritmo azkarragoak ditu. Raquel karrera luzeko dantzaria da, eskarmentu handia du irakasle-lanetan, eta nazioarteko artista askorekin egin du dantza. Egun, Londresen ari da lanean, eta egun batzuetarako itzuliko da Euskal Herrira. Oraingoz, Euskal Herrian emango duen Masterclass bakarra izango da Usurbilgoa. Izugarrizko luxua izango da bera gure artean izatea. Gorputza askatu eta kriston ariketa egingo dugu, arratsalde ederra pasatzeaz gain. Beraz, animatu eta eman izena, izen-ematea jada zabalik dago eta”.
Eko-topaketak
Usurbilgo Gaztetxea bera, ekimen gehiagoren lekuko izango da egunotan. "Eko-Olio jardunaldiak" antolatu ditu eta Itaya Gazte Asanbladak, martxoaren 7ra arte Usurbilgo Gaztetxean. Hiru ikastaro guztira, doan. Olioarekin xaboia egiteko ikastaroa burutu zen atzo. Bihar, "Uztaro kontsumo kooperatibako Jokinen eskutik etxeko olio zaharra diesel autoetan nola erregai modura berrerabil daitekeen ikasiko dugu hitzaldi-mahainguru baten bitartez. Etikoa, merkea eta ekologikoa ezta??". Eta azkenik, ostegunean, martxoaren 7an, "energia iturri desberdinak aprobetxatzeko guk geuk etxean egin ditzazkegun tramankuluei buruzko tertulia izango dugu ( eguzki-sukaldea, eguzki-labea, ura berotzeko sistemak, ...), halere ez dira faltako adibide praktikoak!!!!!", ohartarazi dute Itayatik. Hemen zehaztasun gehiago:
-Martxoak 5 (Asteartea) 18:30etan Gaztetxean: “Olio erabilia autoarentzat erregai” ikastaroa.
-Martxoak 7 (Osteguna) 18:30etan Gaztetxean: “Eguzki labe eta sukaldearen tailerra”