Mertxe Aizpurua, Udalbiltzako lehendakari izendatu dute

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 4a, 00:00

Martxan da Udalbiltza berria. Usurbilgo Udaleko alkate Mertxe Aizpurua izango da udal hautetsiak biltzen dituen erakundeko lehendakari berria. Larunbatean Donostiako Victoria Eugenia antzokian hartu zuen kargua, aurrean zituen 563 zinegotzi eta alkateen aurrean. Udalbiltza berriarekin bat egin dutenak gehiago izan dira, 1.257 udal ordezkari guztira. Herenegun Gipuzkoako hiriburuan eginiko ekitaldiarekin, Udalbiltzak atzean utzi du ilegalizazioak baldintzaturiko hamarkada. Kargua hartu berritan, makila eskutan, Udalbiltza parte hartzaile eta ireki baten aldeko apustua egin zuen Aizpuruak. Lehentasun gisa finkatu zituen, lurralde garapena, eta kohesio sozioekonomikoa, Euskal Herriko nazio egituratzean aurrera egitea, edota udalerrien arteko lan sarea bultzatzea.