Urtea bete du Potxoeneak

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 5a, 00:00

Herri eragileen bilgune, hainbat hitzorduren lekuko eta beste hainbat ekimen antolatzeko tokian bihurtu da Potxoenea hilabeteotan. Irazu kaleko eraikina inauguratu zutenetik urtebete igaro berri da jada. 2012ko martxoaren 3an ospatu zen irekiera ekitaldia, udal eta Foru Aldundiko ordezkariekin batera, herritarrak eta eragile desberdinetako kideak bertan zirela. Kultur eragileak biltzen dituen aholku batzordea izan zen hain justu, inaugurazio ekitaldia antolatu zuena. Ekimen xumea burutu nahi zuten, eta hala, talde desberdinen arteko ekarpenekin osatu zen hitzordua. 

Norberarentzat kultur etxea zer den, galdera hau ardatz hartuta prestatu zuten xume, herrikoi eta parte hartzailea izatea nahi zuten aipatu ekitaldia. Eta hala izan zen. Udal eta foru ordezkarien adierazpenekin batera, dantzari eta trikitilariak, Ixabel Agirresaroberen parte hartzea, Ugaitz Agirreren poema errezitaldia edota Kantu Taldekoen emanaldiak inauguratu zuten Potxoenea. 

2012ko martxotik hona, mugimendua nabaritu da urte luzez hutsik egon den eraikinean. Gune berrira lekuz aldatu zuten lantokia, Usurbilgo Udaleko euskara eta kultura departamenduetako teknikariek. Hainbat bilera burutu dituzte herri eragileek Potxoenean, zeregin hauetarako egokituak dauden geletan. Eta noski, prentsaurreko, emanaldi, edota ekitaldi dezente goiko "ganbaran" ospatu dira azken hamabi hileotan. Besteak beste, aurrekaririk ez duen hezkuntza alorreko parte hartze prozesua burutu da bertan. Kultura Aholku Batzordeko bilerak ere gune honetara lekuz aldatu dituzte, beste hainbat herri eragileek egin duten moduan. Eta iaztik, herriko taldeek baliatzen duten materialaren gordailu ere bada kultur etxe berria.

Herritarren eta eragileen erabilerarako berreskuratu den eraikina dugu, urtea bete berri duen Irazu kaleko Potxoenea.