IX. Soinurbil Musika Astea, larunbatetik aurrera

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 5a, 00:00

Asteburu honetan hasiko da, Zumarte Musika Eskolak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Soinurbil Musika Astea. Bederatzigarren edizioa, martxoaren 9tik 15era ospatuko da. Lotu duten ekitaldi eskaintzan, bada nabarmentzeko moduko hitzordurik; “Motxila 21” taldekoen emanaldia esaterako.

Down sindromea duten gazte batzuk, euren lagun eta senideekin batera osaturiko taldea da “Motxila 21”. Musika Astea eurek estreinatuko dute, hilaren 9an. Beste ikuskizun berezi batek itxiko du, 2013ko Soinurbil, klakea eta jazza uztartuko dituen saio batek. Errenteria Musikaleko Jazz Konboa eta Xafol klake taldekoak Sutegin izango dira hilaren 15ean.

Musika Txokokoen musikala
Eta tartean beste lau emanaldi. Horien artean, aurreko urteetan hutsik egiten ez dutenak; batetik, oraingoan zumaiarrak protagonista izango dituen musika bandaren emanaldia hilaren 10ean. Eta Zumartekoek egin ohi duten trukea, aurten Hernaniko musika eskolarekin. Emanaldia eskainiko dute Sutegin, martxoaren 14an.

Etxeko ekoizpenek ere lekua izango dute, Soinurbil ekimeneko egitarauan. Zumarteko musika txokoko ikasleek, ipuin musikatua prestatu dute, martxoaren 12rako. “Musikako irakaslearekin zoologikora joaten dira, han zer ikusiko dute? Zer gertatuko da?”. Erantzuna datorren musika astean. Eta Soinurbileko ekitaldien aipamena amaitzeko, Salbatore Elizako organoa ezagutzeko aukera izango dela martxoaren 13an. Zehaztasun gehiago, datorren astekarian. Hemen, labur, IX. Soinurbil Musika Asteko egitaraua:

Martxoak 9, larunbata
19:00 “Motxila 21” taldearen ikuskizuna frontoian.

Martxoak 10, igandea
Zumaiako Musika Bandaren emanaldia:
11:30 Kalean.
12:30 Frontoian.

Martxoak 12, asteartea
18:00 Ipuin musikatuak: Zumarte Musika Eskolako musika txokoko ikasleen emanaldia Sutegin.

Martxoak 13, asteazkena
18:00 Organo erakustaldia Salbatore elizan.

Martxoak 14, osteguna
18:30 Hernaniko musika eskolarekin trukaketa Sutegin.

Martxoak 15, ostirala
19:00 Errenteria musikaleko Jazz Konboa eta Xabol Klake taldea Sutegin.

Oharra: ekitaldion zehaztasun gehiago, web orrialde honetako agenda atalean.