Usurbilgo Udalak etxegabetzeen inguruko hitzaldia antolatu du, gaur arratsaldeko 19:00etan Potxoenean. “Stop etxegabetzeak” elkarteko ordezkariak arituko dira hizlari lanetan. Usurbilgo Udalak hain zuzen, elkarte honen bidez gobernu taldeak aurkezturiko mozioa onartu zuen joan den azaroko osoko bilkuran. Testuan, besteak beste, etxegabetze denak denbora mugagabean bertan behera uzteko eskatzen zuten, bankuen eta Espainiako Gobernuaren jarrera salatzen zuten baita. Eta egoera honetan aurki daitezkeen herritarrei, informazioa eta laguntza eskaintzeko baliabideak jartzeko asmoa erakusten zuen Udalak. Gainera, "Udal honek, ez du etxegabetze prozedurarik bultzatuko eta beraietan parte hartuko", eta uko egite horrekin bat egin zuten udal langileak babestuko zituztela dio azaroan udalbatzak onarturiko mozioak.
Hona hemen puntuz puntu, etxegabetzeen gaiari lotuta, mozio hartan hartzea eskatzen ziren neurrien berri:
1-Udal honek, etxegabetze denak denbora mugagabean bertan behera uzteko esijitzen du. Herritarren eskubideen defentsa bermatzeko legediaren aldaketa esijitzen dugu. Era berean, herritarren etxebizitza eskubidea babesten du, gai honetan bankuek eta Espainiako Gobernuak duten jarrera ozen salatuz.
2-Udal honek, ohiko etxebizitzaren jabetzaren baitan ematen diren etxegabetzeak ezezik, alokairu erregimenaren baitan ematen diren etxegabetzeak ere bertan behera uzteko esijitzen du, Banku, Kutxa, Kooperatiba eta entitate publiko eta pribatuen jabetzakoak diren kasuetan. Banku, Kutxa eta kooperatiba guztiei, udalarekin duen harremanagatik bereziki Kutxabank-i, inongo kasutan ohiko eta lehen etxebizitza kaleratzerik gehiago ez egiteko esijitzen diogu.
3-Udal honek, etxegabetzeen gaiarekin duten jarreraren arabera kreditu entitateekin duen harreman instituzionala, ekonomikoa eta elkarlana berrikusi egingo ditu.
4-Udal honek, herritarren jakinaren gainean utziko du etxegabetzeen gaiaren aurrean banku, kutxa edo Kooperatiba bakoitzak duen jarrera. Herritarrei informazio zehatza emateko konpromisoa hartzen du.
5-Udal honek, ohiko etxebizitzaren etxegabetzea nozitu duten herritarrei zein egoera horren arriskuan daudenei informazioa eta laguntza emateko baliabideak jarriko ditu; etxegabetzea ekiditeko helburuarekin, dagokion entitate finatzieroarekin harremanetan jarriaz. Kaltetuen eskura, telefono zenbaki bat eta Email bat jarriko dira.
6-Udal honek, ez du etxegabetze prozedurarik bultzatuko eta beraietan parte hartuko. Era berean bide horretan parte hartzeari uko egiten dioten udal langileak babestuko ditugu.
7-Udal honek, etxegabetzeen aurka lanean ari diren gizarte eragileekin elkarlanerako duen prestutasuna adierazten du. Egoera elkarrekin aztertu eta dagokigun eremuetan urrats sendoak emateko konpromisoa hartzen dugu.
8-Udal honek, subirautza politikoa esijitzen du, gure etxebizitza politika egin ahal izateko eta Madriletik inposatzen zaizkigun neurri neoliberal basatiak nozitu beharrik ez izateko.