Martxoaren 8ko ekimenekin hasteko, pala txapelketa gaur

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 6a, 00:00

Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna izango dugu ostiral honetan, martxoaren 8an. Honen harira, Parekidetasun Kontseiluak, Bota Punttubak eta Itaya Gazte Asanbladak ekimen desberdinak antolatu dituzte. Azken orduko aldaketarik ez bada, gaur hasiko dira martxoaren 8aren inguruko ekitaldiak. Arratsaldeko 18:30etatik aurrera, Emakumeon eskubideen aldeko palakadak! Emakumeen binakako pala txapelketa jokatuko da frontoian. Antolatzaileek joan den astelehenera arte jarri zuten epearen baitan izena eman zuten zazpi bikoteak, hamar minutuko neurketa laburrak jokatzekoak dira pilotalekuan. 

Bertso afaritarako sarrerak, agortuta
Bihar, emakumeen eskubideen aldeko murala margotuko dute Gaztelekukoek pilotalekuan baita. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango da. Aldez aurretik gai honen inguruko lanketa burutu dute Gaztelekukoek.

Ostegun honetan ospatuko da bestalde, iaz bezala aurten ere harrera ezin hobea izan duen bertso-afaria. 21:00etatik aurrera Artzabalen. Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute otordua. Baita Itziar Sanz de Ojerrek ere. “Gozamenez” klown bakarrizketa eskainiko du. Sarrera guztiak saldu dituzte, 70 guztira. Agortu dira beraz.

Martxoaren 8an, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean bertan, Itaya Gazte Asanbladak ere hainbat ekimen antolatu ditu; oka jolas feminista, kontzertu gaua, kulero karrera eta karaoke feminista.

Hona hemen, martxoaren 8ari loturik, herrian antolatu diren ekimenen zerrenda:

Martxoak 1-15
“Usurbilgo emakumeak protagonista” argazki erakusketa, Oiardo Kiroldegian eta Artzabalen.

Martxoak 6, asteazkena
18:30 Emakumeon eskubideen aldeko palakadak! Emakumeen binakako pala txapelketa frontoian.

Martxoak 7, osteguna
17:00 Mural pintaketa frontoian.
21:00 Bertso-afaria Artzabalen, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Amaia Agirrerekin. Itziar Sanz de Ojerren “Gozamenez” klown bakarrizketa. 

Antolatzailea: Usurbilgo Parekidetasun Kontseilua.
Laguntzailea: Bota Punttuba Bertso Eskola.

Martxoak 8, ostirala
17:30 Gazteentzako oka jolas feminista Mikel Laboa plazan (eguraldi txarrarekin, frontoian).
23:00 Kontzertu gaua Usurbilgo Gaztetxean: Mutxurdinak (Usurbil) eta Ddik (Irun).
Ondoren, kulero karrera eta karaoke feminista!

Antolatzailea: Itaya Gazte Asanblada.