1997-2002 urte artean jaiotakoei zuzenduriko eskubaloiari loturiko udalekuak antolatu dituzte uztailaren 14tik 20ra. Benito Mugika Eskubaloi Kanpusa hain zuzen, Lizarrako Nuestra Señora de Puyn. Gonbita luzatua dute antolatzaileek; “etor zaitez astebetez eskubaloiaz gozatzera eta ondo pasatzera. Zure adin bereko gazteekin elkar bizitzeko aukera izango duzu, eskubaloi entrenamenduak izango dituzu eta denbora librean ekintza ezberdinak egiteko aukera izango duzu. Goi mailako kirolari eta entrenatzaileen bisita izango dugu eta beraien esperientziez hitz egingo dizuete”.
Kanpusaren prezioa, 320 eurokoa da. Eta prezioaren barruan sartzen dira: ostatua eta pentsio osoa, autobusean joan etorria, kamiseta eta argazki ofiziala, ekintzetarako eta entrenamenduetarako materiala, eta erantzukizun zibileko asegurua.
Ordainketak maiatzerako
Izen emateko orria bete behar da, eta Kutxako kontu korronte zenbaki honetan ordainketa egin, parte hartzailearen izen abizenak adieraziz eta “Campus Lizarra” jarrita: 2101 0052 27 0012918959. Izen emate orria eta bankuko ziurtagiria Eskubaloi Federaziora bidali behar da, helbide honetara: Anoeta Pasealekua 5, 31 bulegoa, 20014 Donostia. Edo, eskubaloia@kirolak.net helbidera. Inskripzio orriak afedegi.com edo kirolak.net web orrietan lortu daitezke. Apuntatzerakoan %100a ordaindu liteke, edo %50. Eta beste erdia, maiatzaren 31 baino lehen. Apuntatzeko epea, maiatzaren 17an itxiko dute. Informazio gehiago: 626 27 83 96 (Julian Eskide) edo 607 33 70 31 (David Rodriguez).