Zortzi egun, 18. Korrika hasteko

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 6a, 00:00

Euskara ikasten ari direnak omendu asmo dituen 18. Korrika hastear da. Zortzi egun baino ez dira geratzen, Euskal Herri mailako lasterketari ekiteko. Datorren ostegunean, martxoaren 14an abiatuko da arratsaldeko 16:00etan, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik. Amaitu berriz, hilaren 24an Baionan. Hamar egunez, Euskal Herri osoa zeharkatuko du 18. Korrikak. Tartean noski, Usurbildik ere igaroko da. Martxoaren 23an izango da, larunbat arratsaldez. 15:50 aldera, Aginagako Mapil parera helduko da. N-634 errepidetik barrena, Kaxkora sartuko da. Kalezarrera igo eta gero erdigunera jaitsi ostean, Santuenearako bidea hartuko du 18. Korrikak. Eta handik Zubietara.

Euskararen aldeko lasterketa Usurbila helduko den egunean eta bezperetarako ere hainbat ekimen antolatu ditu herrian osatua den Korrika Batzordeak eta Udarregi Ikastolak. Korrika Txikia hilaren 21ean, pin pon txapelketa martxoaren 22an, eta hilaren 23rako, pala txapelketa, erromeria, bertso-afaria... Orain arte jaso ditugun deialdiak, web orrialde honetako Agenda atalean dituzue.

Euskara, bizitzeko tresna
"Eman euskara elkarri" lemapean burutuko da lasterketa. Lelo hau aukeratu dute antolatzaileek, "euskarak euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko hizkuntza izan behar duelako. Elkarri hitz egiteko hizkuntza. Elkar entzuteko eta ulertzeko. Dakienak ikasi nahi duenari irakatsi, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera eman, agintariek herritar orori ikasteko bideak erraztu… Denok dugu zeresana eta zeregina. Euskara denona da eta denontzat izan behar du. Kohesiorako lehengaia eta tresna".