Agerreazpi eremuan kokatzea aurreikusiak dauden udal baratzetako esleipen prozesua aurrerabidean da. Udalak jada, aldez aurretik izena eman zutenen artean, "2013/0250 dekretuaren bidez", baztertuen eta onartuen behin behineko zerrendak kaleratu berri ditu. Zerrenda hauek usurbil.net atarian kontsulta daitezke. Guztira, sei eskaera baztertu eta gehienak, gainerako 62ak onartu dituzte. Zerrendetako herritarrei zuzenduriko honako oharra ere helarazi dute Udaletik. "Interesdunek 10 lan eguneko epea dute, martxoaren 15era arte, beharrezkoa ikusten badute, ondoren deritzoten erreklamazioak aurkezteko onartutakoen eta baztertutakoen behin behineko zerrenda hauen aurrean".
Zozketa, alegazioen ostean
Aldaketarik ez bada, udal baratza hauen esleipen prozesuan emango diren hurrengo urratsak, honako hauek izango dira:
-Alegazioak erantzun ostean, Udalak onartutako eta baztertutako eskaeren behin betiko zerrenda plazaratuko du.
-Zozketa egingo da, aldez aurretik jakinaraziko den egun, ordu eta lekuan. Modu horretan, partzelak behin behingoz esleituko ditu Udalak.
- Behin behingoz partzelak esleitu zaizkien herritarrek, udal baratzeen emakida eta erabilera arautzeko erregelamendua betetzen dituztela egiaztatuko du Udalak. Hala bada, behin betiko esleituko zaie lur eremua. Bestela, itxarote zerrendan egon eta baldintza guztiak betetzen dituen lehenengo pertsonari esleituko zaio.
-Zozketa ordenaren arabera, itxarote zerrendan geratuko dira partzela bat egokitu ez zaien herritarrak. Esleipen tartea amaitu baino lehen, partzelaren bat hutsik geratzen bada, itxaron zerrendan dagoen lehen pertsonak ordezkatuko du.