Ostegun honi, martxoaren 7ari begira ziren Zizurkilgo Perot lantegikoak. Bi usurbildar tartean. Gaur ziren jasotzekoak kaleratze gutunak, baina ez da halakorik gertatuko, momentuz ez behintzat, Huyck Wangner enpresakoek indarrean jarri zuten EEE erretiratu baitute. Espediente honen arabera, Peroteko langileak kaleratu nahi zituzten, eta Zizurkilgo planta itxi.
Erabakiaren berri izan zutenetik, urtarrilaren 21az geroztik, langileak greba mugagabean ziren. Hainbat mobilizazio burutu dituzte aste honetan. Atzora arte. Atzo, Zizurkilgo lantegiko buruek langileei kaleratze gutunak helarazteko epea ixtear zutenean, Huyck Wangner enpresakoek indarrean zuten EEE erretiratzea erabaki zuten. Argitzeke dago oraindik, langileek protestekin jarraituko duten edo ez. Enpresak ez du argitu zeintzuk diren euren aurrera begirako asmoak.
Albiste hau jakin baino egun batzuk lehenago, martxoaren 8ko NOAUA! astekarirako, Imanol Zaldua elkarrizketatu genuen. Peroteko langileetako bat. Hona hemen aste honetako aldizkarian irakurri daitekeen solasaldia, bere osotasunean:
Urtarrilaren 21ean jakinarazi zitzaizuen enpresa ixteko erabakia. Bat batean?
Imanol Zaldua. Ostiral batean komentatzen dute, astelehenean bilera bat dagoela Astorian, Donostian. Hara joaten gara eta esaten digute hilabetera lantegia itxi egingo dela. Ordura arte normal ari ginen lanean. Dena ondo zihoan. Urtarrila heldu eta hau.
Gaur egun, langileok zer egoeratan zaudete?
Greban gaude gu, kaleratuak izan arte. Berez, hilabeteko kontsulta epea otsailaren 25ean bukatu zen, akordiorik gabe. Gero legez, hamabost egun dituzte kaleratze eskutitzak bidaltzeko. Martxoaren 7an agortuko da epea. Orduan bidaliko digute eskutitza. Burofax bat ailegatuko zaigu eta jada kalean egongo gara.
Egoera honen aurrean, bide judizialera jotzeko asmoa duzue?
Martxoaren 7ra arte oraindik, negoziaketa batzuk egongo direla pentsatzen dugu. Baina bai, gure planteamendua epaiketara joatea da, EEE-a baliogabetu dezaten eskatzeko. Enpresak ez du mugitu ezer, ez du ezertarako borondaterik izan. Enpleguko ikuskatzaileekin egon gara, Eusko Jaurlaritzarekin. Ia inplikatzen diren. Gure alde daudela diote. Ez dakit argazkian ateratzeko edo benetan zerbait egiteko den.
Eusko Jaurlaritzak badu eta eskumena, egoera honetan zerbait egiteko?
Hori da. Azkenean gure alde daudela diote, lagunduko gaituztela, euren esku dagoen guztia egingo dutela. Ia zer egiten duten. Guk eurak inplikatzea nahi dugu. Erakundeen laguntza behar dugu hau aurrera eramateko.
Langileen artean zer giro dago?
Oso giro ona dago, lan taldeak osatu dira, eta denok bat eginda gaude. Denak kalean gaudenez, denok batera goaz. Pankartak eta kartelak jartzen egon gara, larunbatean manifestazioa egin genuen Tolosan, hedabideetara eta udaletxeetara joan gara…
Mobilizazio desberdinak burutu dituzue. Zeintzuk dira antolatu dituzuen hurrengo hitzorduak?
Astelehenero egiten dugu asanblada eta bertan erabakitzen dugu aste osoan zer egingo dugun. Enpresarekin negoziaketak zeudenean, kartelak eta pankartak, kotxe karabanak antolatu, sinadurak bildu, enpresako ateetan kanpaldia egiten aritu gara... Hedabideetara joaten saiatu gara gure iritzia emateko. Ahalik eta oihartzun handiena izaten saiatuko gara.
Erakundeetan baita, aurkeztu dituzuen mozioen bidez?
Bai. Negoziaketa bilera batean, Astorian gure protesta egiten ginela, Iñigo Urkullu lehendakaria Donostiako San Telmora zetorrela jakin genuen. Unea aprobetxatu genuen, hara joateko. Berarekin egon ginen. Bere esku zegoen guztia egingo zuela esan zigun. Arantxa Tapia industriako sailburuarekin hitz egingo zuela. Ia kasu egiten diguten eta ez den bakarrik argazkirako.
Zer dago kaleratze hauen atzean?
Lantegi hau enpresa talde batekoa da. Sei edo zazpi planta egongo dira mundu osoan. Esan liteke gure lantegia dela une honetan, pertsonako produkzio altuena duen lantegia. Gure lantegia doa ondoen, urtero irabaziak ditu. Argi dago hau guztia, taldearen estrategia dela. Irabaziak izan arren, irabazi horietatik inbertsioetarako diru bat gordetzen genuen. Enpresak bost milioi euroko finantziazioa eskatu zigun, mailegu moduko bat, gero bueltatzeko. Diru horrekin gelditu da enpresa taldea. Azkenean ito egin gaituzte. Lan erreforma baliatu dute.
Egun batetik bestera, lantokira sartu ezinik geratu zineten?
Urtarrilaren 18an kamioiak etorri eta biltegiko guztia eramaten hasi ziren. Astelehena iritsi eta enpresa itxi egingo zutela. 21ean esan eta 25ean EEE-a indarrean jarri zuten. Aste osoan zer gertatzen ari zen jakin gabe egon ginen. Hilaren 25ean jada inor ezin zen sartu enpresara. Asteburuan bi langileek bakarrik, asteburuan lan egitea egokitzen zitzaigulako. Han egon ginen, beste inork ezin zuen sartu. Barrera jarrita, segurtasun zerbitzuarekin. Autoa kanpoan utzi eta guk oinez sartu behar izan genuen lantokira. Eta gero jada astelehenetik aurrera inork ezin izan zuen sartu lantokira, itxita baitzegoen. Han sarreran, etxetxo bat jarria dugu, egun osoan guardian gaude, makinak eta eraman ez ditzaten. Makinak eramaten badituzte, akabo. Han gaude zaintzen, taldeka, txandatuz.
Produkzioa badaramatelako?
Gu ondo ari ginen lanean. Baina gu “merkeenak garenez”, eta beraiek gure lantokia ixtea erabaki dutenez, Italia, Alemania eta Austriara banatu dute lana. Enpresa ondo zihoala zioten. Eta orain egun batetik bestera hau guztia. Enpresa taldearen estrategia bat da hau. Guri lan ikuskatzaileak esan zigun, enpresak ez zuela borondaterik negoziatzeko eta txosten negatibo bat egingo diotela enpresari. Ia horrek laguntzen digun.
Langileen aldeko elkartasun mozioa onartu du udalbatzak
Zizurkilen kokatua dagoen Huyck Wangner (Perot) enpresako langileei elkartasuna adierazi zien udalbatzak otsailaren 26ko osoko bilkuran, "bereziki bertan lan egiten duen usurbildarrari". Bertan diharduten 81 langileetatik 75 kaleratuak izango direla jakinarazi zieten enpresako kontseilariak joan den urtarrilaren 21ean. Egun, greba mugagabean dira. Erakunde publikoen inplikazioa eskatzen dute langileek, arazo hau konpontzeko. Bide judiziala jorratzea ere ez dute baztertzen. Testuinguru horretan, besteak beste, langileek euren udalerrietako udaletxeetara jo eta azken osoko bilkuran irakurri eta aho batez onartu zen mozioa erregistratu zuten. Bilduk, Aralarrek eta PSE-EEk eraman zuten osoko bilkurara.