Europako Parlamentuak Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua jokabide on bezala aztertuko zuela iragarri zuen Foru Aldundiak, duela ia hilabete. Mintegi honetara hain zuzen, Aldundiko ordezkaritza bat joatekoa zen eta Europako Batasuneko Ingurumeneko komisario Janez Potocnikek ere hitzordu berean parte hartuko zuela aurreikusia zegoen. Gai honi buruz hitz egiteko aipatu bilkura, gaurko zegoen iragarria.
Eta iragarri bezala, ingurumen alorreko diputatu Iñaki Errazkinek Bruselan hitz egin du gaur goizean, "Ez bazaude Zero Zaborraren alde, zenbat zaborraren alde zaude?" izeneko saioan, Gipuzkoaberri.net Foru Aldundiko prentsa bulegotik adierazi dutenez. "Iñaki Errazkinek azaldu du Gipuzkoako aurreko ereduak errauskailu proiektua zuela ardatz: egitasmo horrek 240.000 tona hondakin erretzea aurreikusi zuela, nahiz eta gaur egun, Gipuzkoak 209.000 tona hondakin sortzen dituen. Aurreko eredua Foru Aldundiaren gaur egungo egitasmoarekin alderatu du Ingurumeneko diputatuak: batetik azkenekoa askoz ere merkeagoa dela esan du -400 milioi euro eta 186 milioi euro, hurrenez hurren- eta bestetik, eredu zaharrak % 70 erretzea aurreikusi zuela eta berriak, aldiz, kopuru hori bera birziklatzea. Hondakin sorrera murrizteko eta berrerabilpena eta birziklapena sustatzeko neurrien berri eman du Errazkinek, baita auzo konpostatze esperientziena ere, eta zero zabor helburua egingarria dela gaineratu du: Hernaniko adibidea eman du, non hiru urtean %32 birziklatzetik %78 birziklatzera pasatu diren. Planaren xehetasunak ere ezagutarazi ditu: oinarriak, azpiegiturak eta helburuak (% 60ko birziklapena 2016rako eta %75ekoa 2020rako)", berri eman du gipuzkoaberri.net atariak.
Gipuzkoako eredua, "adierazgarria" eta ikasteko baliogarria
Mintegian bertan parte hartu dute, Italiako Capannori udalerriko alkateak "2020rako Zero Zabor aldarrikapena egin duen Europako lehen hiriak", eta Janez Potocnik Europako Ingurumeneko komisarioak. Entzuleen artean, Europako Parlamentuko hainbat ordezkari ziren. Potocniken esanetan, Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eredua adierazgarria, garrantzitsua eta ikasteko baliogarria izan daiteke. Zabortegiak ixtearen alde agertu da. Hondakinak errausteari buruz berriz, gipuzkoaberri.net atariaren arabera argi adierazi du, "ezin dela birziklagarria den ezer zabortegietara bota edo erraustu; zabortegiak itxi behar direla eta errausketa oso urrun dagoela hondakin alorrean Europako Batasunak ezarritako hierarkiaren lehen lerrotik. Errausketa ez dela hondakinak kudeatzeko modurik egokiena".
Iñaki Errazkin ingurumen diputatuarekin batera, Bruselan dira baita, Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Hondakinen Konsorzioko lehendakaria, eta zero zabor norabidean pauso nabarmenak eman dituzten herrialde honetako bi alkate; Hernanikoa, Luis Intxauspe, eta Orendaingoa, Gorka Egia.
Goizeko agerraldiaz gain, beste zenbait hitzordu ere baditu Gipuzkoatik joandako taldeak, datozen orduotarako. "Gaur arratsaldean, hainbat bilera egingo ditu Gipuzkoako ordezkaritzak zero zabor norabideko esperientziak elkartrukatzeko, eta bihar gaikako bilketa sistema bat eta konpostatze planta bat ezagutzeko bisita egingo du Bruselako auzo batean", adierazi dute gipuzkoaberri.net ataritik.
Goizean bestalde, "Gipuzkoako ordezkaritzak Andrea Zanoni Europako Demokraten eta Liberalen Taldeko europarlamentari italiarrarekin egin du bilera. Zanonik lehen eskutik izan du gure lurraldeko esperientziaren berri, eta Gipuzkoako ordezkariek Italiako hainbat herri eta eskualdetan Zero Zabor norabidean emandako pausoak ezagutu dituzte. Europako Batasunak Zero Zabor politikak gehiago bultzatu behar dituela adierazi du gero, mintegian, europarlamentari italiarrak".