Atzo jokatu zen emakumeen binakako pala txapelketaren ostean, martxoaren 8ko bezpera honetarako ekimen gehiago iragarri dituzte. Batetik, emakumeen eskubideen aldeko murala margotuko dute Gaztelekukoek pilotalekuan baita. Arratsaldeko 17:00etatik aurrera izango da. Aldez aurretik gai honen inguruko lanketa burutu dute Gaztelekukoek.
Ostegun honetan ospatuko da bestalde, iaz bezala aurten ere harrera ezin hobea izan duen bertso-afaria. 21:00etatik aurrera Artzabalen. Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Amaia Agirre bertsolariek girotuko dute otordua. Baita Itziar Sanz de Ojerrek ere. “Gozamenez” klown bakarrizketa eskainiko du. Sarrera guztiak saldu dituzte, 70 guztira. Agortu dira beraz.
Bihar, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunean, Itaya Gazte Asanbladak ere hainbat ekimen antolatu ditu; oka jolas feminista, kontzertu gaua, kulero karrera eta karaoke feminista.
Hona hemen, egunotarako antolatu dituzten hitzorduak:
Martxoak 7, osteguna
17:00 Mural pintaketa frontoian.
21:00 Bertso-afaria Artzabalen, Maialen Lujanbio, Uxue Alberdi eta Amaia Agirrerekin. Itziar Sanz de Ojerren “Gozamenez” klown bakarrizketa.
Antolatzailea: Usurbilgo Parekidetasun Kontseilua.
Laguntzailea: Bota Punttuba Bertso Eskola.
Martxoak 8, ostirala
17:30 Gazteentzako oka jolas feminista Mikel Laboa plazan (eguraldi txarrarekin, frontoian).
23:00 Kontzertu gaua Usurbilgo Gaztetxean: Mutxurdinak (Usurbil) eta Ddik (Irun).
Ondoren, kulero karrera eta karaoke feminista!
Antolatzailea: Itaya Gazte Asanblada.