Dancehall tailerra eta "Mikrouhina" antzezlana asteburuan, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 8a, 00:00

Larunbat honetan, martxoaren 9an, 17:00etan Dancehall Tailerra antolatu du Usurbilgo Gaztetxeak. Raquel Koroma dantzariak eskainiko du saioa gaztetxean bertan. Izen emateko deitu 627 285 904 telefono zenbakira edo idatzi usurbilgogaztetxea@gmail.com helbidera. Tailerra hiru ordukoa izango da. Prezioa, 15 euro.

“Animatu pagotxa handia da eta aldakak inoiz ez bezala mugituko ditugu eta! Neska nahiz mutilentzat da, denok har dezakegu parte!!!!! Animatu eta zabaldu berria!!!!” luzatu dute gonbita Gaztetxetik.

Dancehall zer den ere azaldu dute: “Reggae mota bat da, baina gehiengoak entzun ohi duena baino askoz ere erritmo azkarragoak ditu. Raquel karrera luzeko dantzaria da, eskarmentu handia du irakasle-lanetan, eta nazioarteko artista askorekin egin du dantza. Egun, Londresen ari da lanean, eta egun batzuetarako itzuliko da Euskal Herrira. Oraingoz, Euskal Herrian emango duen Masterclass bakarra izango da Usurbilgoa. Izugarrizko luxua izango da bera gure artean izatea. Gorputza askatu eta kriston ariketa egingo dugu, arratsalde ederra pasatzeaz gain. Beraz, animatu eta eman izena, izen-ematea jada zabalik dago eta”

"Mikrouhina" antzezlana, igandean
Depresioa bezalako gaixotasun psikikoek gaixoarengan eta ingurukoengan duten eragina jorratzen du “Mikrouhina” izeneko antzezlanak. Emanaldi hau ikusteko aukera izango da, igande honetan, martxoaren 10ean, 19:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. Sarrerak, 3 eurotan izango dira salgai.

Matilde zapaten bilduma egiten duen energiaz beteriko neska da. Tristan orduak liburuetan murgilduta igarotzen dituen gaztea da. Tristan eta Matilde ezkondu eta denbora gutxira beren bizitzak hankaz gora jarriko dituen gertaera gogor batekin egingo dute topo: Adele, Tristanen arreba txikia, bizitzaz mozkorturik, hil egiten da. Hau izango da abiapuntu Tristan irteerarik gabeko zulo sakon eta beltz batean hondoratzeko. 2010. urtean Silvia Manzanak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Literatur Sormen Beka jaso zuen ipuinen mundua eta antzerki mundua batzen zuen egitasmo batekin. Horrela sortu zen "Matilde y la burbuja" antzezlana, geroago erdarazko "Micro-onda" eta euskarazko "Mikrouhina" izango zena.