33 lagunek osatu zuten atzo, Ezkurra-Goizueta ibilbidea. Giro ederrean burutu zen Andatzakoek antolaturiko mendi irteera. Hona hemen, eurek bidalitako kronika, argazki eta guzti:
"Goizeko 7retan 33 kideko talde polita osatu gara autobusean Ezkurrara joateko. Nahiz lehen asmoa izan Ezkurra herritik oinez abiatzekoa, Ezkurrako mendi lepotik abiatu gera. Lehen pausoak lehen maldan goraka Irakurri gainera iritsi arte. Oraindik zenbait lekutan elurra urtu gabe zegoen. Gailurrean haize indartsua, masailak ederki hozten zituena. Bistarentzat gozamena: Donostia, itsasoa, gipuzkoar hainbat mendi alde batera, nafar mendiak beste aldera. Beste gain bat igaro ondoren Iruñarri gaina. Buzoi politak daude gailur hauetan.
Haize kolpeak ahaztu eta eguraldi epelagoarekin, Igartza errekaraino jaitsi gara, burdinezko zubi batetik gainditu dugularik, eta atseden garaia, eguzki goxoaren laguntzarekin. Zati batean pista jarraituz, berriro mendi bideak, erreka zuloak, azken aldapa igo aurretik. Goizuetara jaistea besterik ez zitzaigun falta. Sei ordu inguruko ibialdia, atseden eta guzti.
Bertako frontoi zahar irekian prestatu dugu gure jatetxe partikularra, bazkaltzeko leku egokia, sagardoaren laguntzarekin ederki asetu dugu gure gosea.
Baztar politak bai ibiltzeko, bai ikusteko, baso ederrak, erreka gardenak. Gaur zuhaitz gehienak bilutsik zeuden. Udaberrian hostoz jazten direnean, zoragarria izango da. Merezi izan digu ibilbide hau egitea".