Herriko emakumeen argazki erakusketa zabalik

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 11a, 00:00

Joan da martxoaren 8a ere. Egitarau oparoa osatu dute aurtengoan, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira, Parekidetasun Kontseiluak; Bota Punttubak, Gaztelekuak eta Itaya Gazte Asanbladak antolatu dituzten ekimenek.

Denetariko hitzorduak tartekatu dira. Binakako emakumeen pala txapelketak eman zion hasiera ekitaldi sortari. Gaztelekukoek eman zioten jarraipena, frontoian margotu zuten emakumeen eskubideen aldeko muralarekin. Collage itxura zuen lanak, eta besteak beste, tximeleta baten barruan umetokia irudikatu zuten, eta bestetik emakumea kirola egiten. Martxoaren 7an izan zen hori, jarraian, iluntzean, bertso-afaria ospatu zen Artzabalen. Iaz bezala, aurten ere, sarrerak salgai jarri eta egun gutxira agortu dira. Maialen Lujanbio, Amaia Agirre eta Uxue Alberdiren saioaz gozatu ahal izan zuten, baita “Gozamenez” klown bakarrizketa saioaz ere. Biharamunean, Itayakoen txanda izan zen, besteak beste, Usurbilgo Gaztetxean antolatu zuten kontzertu gauarekin.

Baina ez dira hemen amaitzen, Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira Usurbilen antolatu diren ekimenak. Ostiral honetara arte, martxoaren 15era arte, ikusgai dago herriko emakumeak ageri diren argazkien erakusketa. Gaurko eta atzoko herriko emakumeen irudi bilduma, Artzabalen eta Oiardo Kiroldegian ikusgai dago. 

Irudia: Bota Punttuba.