Amaitu berri den hezkuntzako parte hartze prozesuaren baitan eta honen ostean, lanean jarraitzen duten talde eragileko zenbait ordezkari dituzue ondoko argazkian. Lan talde honek trantsizio lanak egingo ditu orain. Amaitu berri den parte hartze prozesutik, ikasturte amaieran osatu asmo duten hezkuntza mahaira arteko bidea jorratuko dute hain zuzen. "Helburu nagusia, ikasturtea amaitzerako hezkuntza mahaia osatzea da. Hezkuntza eragile desberdinak eta ikastetxe desberdinek osatuko dute mahai hau. Eta lehen urratsa mahai honen egitekoak eta funtzioak definitzea izango da. Hau dena egikaritzeko, prozesutik ateratako lantalde bat dago, jarraipeneko urratsak emateko mahaia martxan jarri bitartean. Edonola, herritarrei irekitako taldea da azken hau", berri eman dute talde eragileko ordezkariek, aste honetako NOAUA!rako eskaini duten elkarrizketan.
Lehenago ordea, izango dute bestelako eginkizunik ere. Urritik otsailera luzatu den parte hartze prozesuan eginiko lanketa ezagutzera ematea hain zuzen. "Lehenik eta behin, ezagutzera eman nahi dugu herri-hezkuntza proiektu hau. Aurkezpen eta saio desberdinak egingo dira. Etxeetan ere banatuko dugu aditzera eman nahi dugunaren laburpen bat. Era berean, nahi duenak ere dokumentua bere osotasunean jaso ahal izango du", ohartarazi dute. Usurbil.net udal web orrialdean eskura daiteke.
Etorkizuneko Usurbilgo hezkuntza ereduari loturik, hezkuntzako parte hartze prozesu honen emaitza da aipatu dokumentua. Eta dokumentu hau, aurrera begirako "ibilbide orri" modukoa izango da, talde eragileko ordezkarien esanetan. "Adostasuna lortzea ez da zaila izan. Esan bezala, bakoitzak uste genuena baino gehiagok elkartzen gaitu. Denon oniritzia duen dokumentua sortu eta doitu dugu. Aurrerantzean, dokumentuan biltzen dena martxan jartzea izango da benetako erronka", adierazi dute.
Talde eragileari eginiko elkarrizketa osoa, martxoaren 15 honetako NOAUA! astekarian.