Musika Txokokoen emanaldia, Soinurbilen gaurko hitzordua

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 12a, 00:00

Araitz Larreak zuzentzen duen Zumarteko Musika Txokoak emanaldi berezi bat eskainiko du gaur arratsaldeko 18:00etatik aurrera, Sutegiko auditorioan. Zoologiko batean giroturiko ipuin musikatu bat. Mimo handiz prestatzen aritu dira astearte honetako saioa. Araitz Larreak eman zizkigun saio honen eta Musika Txokoan burutzen duten lanketaren berri, joan den asteko NOAUA!-n. Hona hemen, argitaratu genuen elkarrizketa:

Zer egiten duzue Musika Txokoan?
Araitz Larrea. 4-7 urte arteko 60 bat haur inguruk parte hartzen dute. Musika bizi eta sentitzen irakasten dugu. Taupada, musika barneratzea asko lantzen dugu.

Haur txikiez ari gara. Zer moduz moldatzen dira?
Beraiek nahi duten moduan mugitzera ohituta daude. Erritmo konkretu bat mantentzea kostatzen zaie. Klasean, erritmo hori lortzen saiatzen gara, landuz, sentituz. Behin ondo sentitzen dutenean, orduan esaten diezu, egiten dugun hau beltza da, edo bi kortxeak dira. Orduan segituan erlazionatzen dute gauza bat bestearekin.

Klase egun bat deskriba ezazu.
Kalean erabiltzen ez diren oinetakoak erabiltzen ditugu. Etortzen direnean denak borobilean esertzen dira. Taupadekin hasten gara, baina bakoitzak bere izena esanez. Gero notak irakurtzera pasatzen gara. Abesti berriren bat dagoenean, ipuin, dantza eta marrazkiak egiten dituzte. Eta bitartean abestu egiten dugu, hori baita interesatzen zaiguna. Agian abesten dugu kanta bat hogei aldiz, baina beraiek ez dira konturatzen.

Soinurbileko zuen emanaldiak ere osagai horiek izango ditu, ipuina, musika. Zoologiko batean girotua egongo omen da?
Ipuina, musika eta mugimendua uztartuko ditugu. Ez dut asko aurreratu nahi. Beraiek ere ez dakite ipuina. Ez diet kontatu ipuina, Sutegiko emanaldian arreta mantentzeko. Bestela ipuina badakite, auskalo zer gertatu daitekeen. Esango dudana da, zoologikora doan musika eskolako talde bat dela. Animalia desberdinak ikusten dituzte zoologikoan. Abesti desberdinak entzuten dira. Gero instrumentu bat ikasten du ikasle batek. Oihanera joaten da. Hortik aurrera… asteartean.

Jendaurreko zuen lehen saioa izango da?
Bai. Ikasturte bukaeran beti egiten dugu emanaldia Udarregi Ikastolan, dantzarekin. Ipuin musikala behin ere ez dugu egin. Lehenengo aldia da.

Erronka berria beraz. Nola doaz orain arteko prestaketa lanak?
Laguntza asko dugu, zorte handia izan dugu. Lezoko Estanis Carrera irakasle, lankide, lagunarena, berak utzi dit beharrezko guztia. Partitura guztiak berriro egin behar izan ditut, haurrei abestiak irakatsi. Musika zuzenean entzungo da, instrumentuak Zumarteko irakasleek joko dituzte. Alde horretatik euren laguntza pila bat eskertzen diet. Leire Agirre ipuin kontalaria ere han izango da, berak kontatuko du ipuina. Lezon egina du hau.

Nola daude haurrak egunotan?
Oso ilusionatuta. Esan nien momentuan, segituan hasi ziren ia zer mozorro jantzi behar zuten galdetzen eta zer egin behar genuen, dantza nola egin… Klaseetan ere entseatzen, gogotsu daude, urduri.

Musikalen generoa arrakastatsua izaten ari da jendartean. Zer dela eta?
Ez dakit. Pertsona bakoitzaren arabera dago hori. Niretzat musika dena da. Txikiekin lan egitea gehiago oraindik, eta ikustea beraiek nola bizi duten ipuin bat kontatzen duzunean. Edo abesti bat irakasten diezunean, zer modutan begiratzen dizuten ikustea... Arrakasta zergatik? Agian barrura iristen zaizulako.

Barruko lana kanporatzeko ere aukera ezin egokiagoa. Zuen taldea da agian ezezagunena?
Ikasturte bukaeran eskaintzen dugu emanaldia, barruan egiten duguna erakusteko. Ikastola bete egiten da. Ez gaude ohituta txikiekin halako ipuin musikal bat egitera. Baina oso polita izan da.

Esperientziak merezi izan du?
Bai. Batez ere haurrek izan duten erreakzioa, ez nuen espero. Nola parte hartu duten, euren irribarrea, gogoa. Ez nuen hainbeste espero.

Zumarteko musika eskaintzaren barruan, zer ekarpen egiten du Musika Txokoak?
Musika barneratzen hasten dira. Musika Mintzairara iristen direnean, 8 urterekin, jada nabaritzen zaie barneratua dutela erritmoa. Ezagutzen dituztela nota guztiak, erritmo idatzia. Maila oso txikian, baina Musika Mintzairan hasten direnerako ezagutzen dute partiturak zer diren.

Oinarri baten lanketari buruz ari gara?
Bizi, dantzatu, mugitu, sentitzeaz. Behin sentitzen duzunean kanporatzea ere errazago egiten zaizu. Gero grafikoa ikastea ere, ez da hain abstraktua egiten.

Garrantzitsua izango da, haurren fantasia munduarekin bat egitea?
Izugarri. Banku batean esertzera noanean haurrek badakite ipuin bat kontatzera noala. Hor esertzen naizen momentuan, begiak irekitzen zaizkie. Notak irakasteko garaian ere, nota bakoitzak ipuin bat du, abesti bat, guk asmatutako dantza bat. Mi notaren atzean adibidez Mikel dago, lehenengo pisuan bizi den Milaneko futbolaria, hanka puskatu duena… Hori dena entzun egin dute. Gero musika bat jartzen dugu, egina dagoena espresuki horrentzat eta dantza bat egiten dugu. Dantzarekin ere abestia gehiago barneratzen dute. Gero pentagraman, eskua erabiltzean, lehenengo pisuan Mikel bizi dela esaten diet. Ezin du bosgarrenera igo, hanka puskatua baitu. Ipuina entzun eta barneratu dutenek hain argi ikusten dute. Ez dute inongo arazorik, notarik irakurtzeko.

Zergatik joan behar genuke zuen emanaldira?
Herriko txikiek parte hartuko dutelako eta duten ilusioagatik. Irakasleengatik, musika instrumentuekin han egongo direnez, musika kanporatzeko modu bat baita. Eta Soinurbil delako ere. Musika entzuteko beste modu bat izango da. Ez da ohiko kontzertua. Ez du zerikusirik, betiko patroiarekin. Polita izango da, gustura ikusi eta entzuteko modukoa.