Euskarazko zortzi film, gaurko Laburbiran

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 13a, 00:00

Euskarazko film laburren emanaldiaz gozatzeko aukera izango da gaur iluntzeko 19:30etatik aurrera, Sutegiko auditorioan. Hamargarren ediziora ailegatu den ekimenaren baitan, azken urteotan euskaraz ekoitzi diren ikus-entzunezko zortzi lan proiektatuko dira. Ordubete pasatxo iraungo du, NOAUA! Kultur Elkarteak antolaturiko ekitaldiak. 

Usurbilgo saioa, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak Euskal Herrian barrena antolatu duen zirkuitu baten barruan kokatzen da. Guztira, 20 herritan antolatuko dute film laburren proiekzioa. Euskarazko ikus-entzunezko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberastea du helburu, ekimen honek. Hauek dira, 2013ko Usurbilgo Laburbira emanaldiko izenburuak (informazio gehiago: topagunea.org/laburbira):

"BEERBUG". 2012 (8´) Ander Mendia Etxebarria.
"Joek errepide ertzeko gasolindegi batean lan egiten du. Egun batez, garagardo bat hartzeko atseden hartzea erabakiko du. Edariaz gozatzeko ahaleginak huts egingo dio, norbait lapurretan ari baitzaio muturraren aurrean".

"DESENTXUFATUAK" 2011 (9´45´´) Bernues anaiak.
 "Zer egiten duzu dagoeneko ez duzula balio esaten dizutenean, gizarteak albora uztean? Nola egiten diozu aurre azken aurrerakuntza teknologikoak nagusi diren munduari telebista zahar bat baino ez bazara?"

"DEUS ET MACHINA" 2012 (8´30´´) Koldo Almandoz.
"Langilea egunero joaten da fabrikara lanera. Eginbehar zehatz bat egin dezakeen langile bakarra da. Egunero makinak pizteko zeremoniari ekin, eta bere lan zehatz eta monotonoari helduko dio. Gaur, ordea, erabaki bat hartu du..."

"OINAZE EGOITZAK" 2012 (9´30´´) Erabaki produkzioak: Oihan Amezua, Karlos Ibarbia, Netzer Bereziartua, Asier Sustaeta.
"Bi pertsonaia bereziren arteko ezinezko amodio batek beraien ahuldade eta gabeziak azaleratzen ditu".

"TORTILA" 2012 (8´15´´) Iñigo Lopez.
"Bere senarrak ematen dizkion tratu txar eta irainak direla-eta, emakume batek harremana bukatzea erabakitzen du..."

"ELKARTEA" 2013 (16´) Kote Camacho.
"Aspaldiko lau lagun elkartean biltzen dira afaltzeko. Haietako bat, zeini besteek arrastoa aspaldu galdu zioten, oso egoera ekonomiko larrian bizi da. Besteen jarrera orokorra, laguntza eskaintzearena izango da, hasiera batean behintzat. Benetako konpromisoa hartzea ordea, ez da hain erraza izango".

"HAMAIKETAKOA" 2012 (4´) Telmo Esnal.
"Egunero, ordu berean, Antoniok eta Santik elkarrizketa berezi bat dute. Hiru emakume dira horren lekuko".

"BERRIRO IGO NAUZU" 2012 (9´25´´) Carlos Rodriguez.
"Azken 150 urteotako euskal baserriaren bilakaeraren hurbilpen bat egiten du filmak, Kirmen Uriberen testu batean oinarrituta. Dokumentala eta fikzioa nahasten dituen laburmetraia, Gipuzkoako hainbat baserritan grabatutakoa. Mundu mailako 20 bat jaialditan izan da aukeratua eta Alemanian, Italian eta Espainian hainbat sari jaso ditu".