Alerta horian, ekaitzagatik

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 13a, 00:00

Ekaitz giroa itzuli da gurera. Behe samarrean elurra egin eta zuritu dezake datozen orduotan, 200 metroren inguruan. Kaxkoan ere zenbait unetan, elur maluta batzuk ikusi ahal izan ditugu eguerdi partean. Euskalmet-etik iragarri dutenez, gaur alerta horian egongo gara. Hauxe asteazken honetarako iragarpena: "Negu gorriko eguraldia. Hotz galanta eta kostaldean soilik kokatuko dira termometroak 5 ºC-tik gora. Barnealdean berriz, izotza hainbat txokotan, batez ere Araban eta Nafarroan. Balio hauekin, elur-maila 200-400 metro artean mantenduko da. Dena den, ekaitz momentuetan, 200 m-ren azpitik ere zuritu dezake eta aldiz eguerdi partean, tenperatura zertxobait igotzen denean, gorago kokatu da elur-maila. Zaparradak, ugariagoak eta mardulagoak izango dira kantauri isurialdean; trumoi-ekaitzak jo eta txingorra ere bota dezake. Gutxi ez balitz, iparraldeko haizea oso zakar ibiliko da, ufada oso gogorrekin, eta ziertzoa ere zakar ibiliko da Ebro ibarrean. Haize honek, hotz sentsazioa areagotu egingo du".

Bihar, "bide beretik eguraldia; giro hotza eta ezegonkorra. Prezipitazioak ugariagoak izango dira ipar isurialdean eta noizbehinka trumoiak jo eta txingorra bota dezake. Hegoaldera berriz, tartekatuago eta ahulago iritsiko dira zaparradak. Elur-kota 200-400 m artean kokatuko da oro har, arratsaldean 500-600 m-ra igoz eta gauean berriro ere maila baxuagoetara jaitsi liteke. Iparraldeko haizeak indarra galduko badu ere, ziertzo haizea Nafarroa hegoaldean zakar ibiliko da".

Ostiralean hobera egingo du eguraldiak. Ondoan, duela bi aste, Kalezarretik Arratzainera bidean ateratako argazkia.