Ernai gazte antolakunde berria sortu dela ospatzeko jaialdia antolatu dute martxoaren 29, 30, 31 eta apirilaren 1ean Urduñan. Gazte Danbada ekimenaren baitan, denetariko ekitaldiak tartekatuko dira. Tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak, ikus-entzunezkoak, antzezlanak...
Usurbilgo ordezkaritzarik ez da faltako bertan. Batetik, Haritz Harreguy usurbildarra kide duen Sen musika taldeak kontzertua eskainiko du Gazte Danbadan. Hamarkada baten ostean oholtza gainera itzultzekoak dira. Larunbat honetan eskainiko dute estreinako saioa, 23:00etatik aurrera Usurbilgo Gaztetxean. Eta bestalde, herriko musika talde bat, Hotzikara ere Urduñan izango da. Ekitaldi guztien berri, gaztedanbada.net web orrian jaso dezakezue. Urduñara joan asmo dutenentzat pare bat ohar: batetik, Gazte Danbadako sarrerak Aitzagan daudela salgai, baita inguruko herrietan ere. Lasarte-Orian, edota Hernanin, besteak beste. Urduñara joatekotan direnentzat gainera, eskualdetik autobusa irtengo da. Autobusean izen emateko zerrenda ere Aitzagan jarri dute.
Ernai, Usurbilen
"ZukGua" izeneko hilabeteetako prozesuaren ostean, Lizarran martxoaren 2an eginiko lehen kongresuan sortu zen Ernai, Ezker Abertzaleko gazte antolakunde berria. Sorrera honetan kokatu behar da martxoa amaieran Urduñan ospatuko den Gazte Danbada ekimena. Gazte mugimendu berri honi lotuta, udalerrietan lan-taldeak sortzen ari dira. Usurbilen ere bada lan-talde bat. Aste honetako NOAUA!rako elkarrizketatu ditugu talde horretako zenbait ordezkari. Gazte mugimendu berriaren sorreraz, "ZukGua" prozesuak eman duenaz, edota herrian osatu duten lan taldeaz galdetu diegu. Ondoko irudian, lan-talde horretako zenbait kide.