Ingelesa ikasteko Udarregi Ikastolak aurtengorako antolatu dituen udaleku irekietako izen ematea ireki dute jada. Apuntatzeko azken eguna, apirilaren 19a izango da, ikastolako idazkaritzan. Udalekuok ekainaren 26tik uztailaren 23ra luzatuko dira, goizez eta lau orduz, 9:00-13:00 artean. "Ingelesa era dibertigarri eta desberdin batean ikasteko aukera eskaintzen dizuegu. Irakasle “natiboekin” eta talde txikitan. Jatorrizko hiztunak diren hezitzaileek gidatutako udaleku irekia eskainiko da, 5 eta 11 urte bitarteko haur eta gazteentzat. Ikasle-talde bakoitzak bere hezitzailea izango du, jokoak, eskulanak, ipuin-kontaketak, antzerkiak, proiektuak, IKTak eta abar ingelesez egingo dituzte. Hezitzaileak, jatorrizko ingeles hiztunak izango dira, hau da, ama hizkuntza ingelesa dutenak. Horien egonaldia, programan parte hartzen duten ikasleen familietan izango da. Udaleku hauen prezioa 300 eurokoa da eta gutxieneko taldea osatu beharko da. Monitorea etxean hartzen duen ikasleak udalekua dohainik izango du", berri eman du udarregi.com web orriak.
DBH osteko ikasketei buruzko informazio bilerak egunotan
Udarregi Ikastolatik udan irtengo diren ikasleei eta euren gurasoei zuzenduriko bilerak antolatu dituzte egunotan, DBH ostean zer egin erabakitzen laguntzeko. Behar beste argibide jasotzeko, informazio bilerak antolatu dituzte egunotarako. Bilera guztiak, Udarregiko bideo gelan burutuko dira. Hona hemen, ekitaldion ordutegi eta gainerako zehaztasunak:
Martxoak 13, asteazkena
17:00etan euskaraz eta erdaraz: Lasarteko Institutua: Batxilergoak.
18:00etan euskaraz eta erdaraz: Zubietako Lanbide Eskola: heziketa zikloak.
Martxoak 14, osteguna
17:00etan euskaraz eta erdaraz: Oteiza (Zarautz).
18:00etan euskaraz eta erdaraz: Barandiaran Lizeoa: Donostiako Lanbide Heziketako zikloak.
Albiste hauen eta gainerakoen berri jasotzeko: udarregi.com