Gaur hasitako 18. Korrika Baionan amaituko da martxoaren 24an, igandez. Egun horretan, Usurbildik Lapurdiko hiriburura joateko autobusa antolatu du Korrika Batzordeak. Goizeko 9:15etan irtengo da Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik. Gaueko 21:00ak aldera itzulera. Autobusean apuntatzeko aukera egongo da egunotan, Bordatxon, Txiribogan eta Etumeta AEK euskaltegian, martxoaren 21a baino lehen. Irteera honen bidez, Baionan antolatu duten 18. Korrika amaierako jaialdian egun pasa egiteko aukera izango da hilaren 24an.
Hiru jai gune nagusi prestatu dituzte bertan. Merkatuan, "Baionan kantuz", Maialen Errotabehereren emanaldia, "Begiz begi" ekitaldia edota Patxi ta konpainia izango dira. San Andres izeneko gunean, kontzertuak: Esne Beltza, Willis Drummond, Itziarren Semeak... Eta azkenik, Xhao kaian, herri bazkaria, "Lekukoaren Bila" ginkanaren finala edota "Korrikantuz" ekimenak antolatu dituzte. Horrez gain, kale animaziorik ez da faltako Baionan. Hau guztia, 13:30etatik aurrera. Lehenago ordea, Korrika amaierako ekitaldia ospatuko da, 12:30etan Baionako Herriko Etxean.
Ondoko irudian klikatuta duzue, Korrikaren amaiera jaialdiko egitaraua eta jai guneen berri.