Heldu da eguna. Dena prest dago, Korrika hasteko. 18. edizioa, gaur arratsaldeko 16:00etan abiatuko da Buruntzaldetik, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parketik. Bertan eta Andoain herrian ere ospatzekoak dira hasiera ekitaldia, triki poteo, txaranga edota kontzertuekin. Datozen hamar egunotan, eskuz esku ibiliko da Korrikaren lekukoa. Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du, Esne Beltzak edizio honetarako sortu duen abestiaren erritmoan eta “Eman euskara elkarri” lemapean.
Zergatik aldarri hau? Gogoan izan, gaur Andoainen hasi eta martxoaren 24an Baionako helmugara iritsi arte, eskuz esku ibiliko da Korrikaren lekukoa. Barnean mezu bat darama, hamar egun barru Lapurdiko hiriburuan irakurriko dena.
"Euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren" guztien omenez
Mezu horri buruz, honakoa dio korrika.org atariak: "Korrika 18k zabaldu nahi duen mezuan, euskara euskal herritarron elkarbizitzarako gakoa dela diogu, elkarrekin bizitzeko, elkarri hitz egiteko, elkarri entzuteko, eta elkar ulertzeko tresna. Baina horretarako, euskal herritarrok euskal kultura ezagutzea eta euskara jakitea beharrezkoa da.
Horregatik, Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren milaka eta milaka pertsonak omendu nahi ditu. Euskalakari izateko ahaleginean euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak. Lanetik irtendakoan euskara ikastera doazen Aitor eta Nerea, bilobak eskolan utzi eta gero euskaltegira doazen Karmen eta Jose, euskara ikasten hasi den Yasmin, mintzalagun talde batean dagoen Felipe, barnetegira doan Ximun, Gau Eskolan ari den Elisabete, Osvaldo, Ane…
Bere ahaleginarekin euskaraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, elkarbizitzarako aukerak sortzen ari direlako, bihoakie egun euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren ikasle guztiei Korrika 18ren eta AEKren omenaldia".
Aipatu moduan, euskara ikasten ari direnak omenduko ditu “adinez nagusi” izatera pasa den aurtengo Korrikak. Gaur abiatuko den lasterketak 2.000 kilometrotik gorako bidea osatzeke du datozen hamar egunotan. Euskararen aldeko ekimen ezagunen honen inguruko informazio guztia, korrika.org web orrialdean.
Korrikaren ibilbidea, klik batean
Gaur Andoaindik abiatu ostean, Gipuzkoako hegoaldera joko du 18. Korrikak. Tolosaldea eta Goierri zeharkatuko ditu ostegun honetan. Goizaldean Nafarroa zapalduko du. Altsasutik sartu eta bihar eguerdian Iruñeara helduko da, 13:40 aldera. Euskal Herriko gainerako hiriburuetatik egunotan igaroko da Korrika 18:
-Martxoak 15, ostirala: 13:40an, Iruñea.
-Martxoak 16, larunbata: 12:17an, Donibane Garazi. 17:02an, Maule.
-Martxoak 19, asteartea: 18:45ean, Gasteiz.
-Martxoak 21, osteguna: 17:37an, Bilbo.
-Martxoak 23, larunbata: 19:40an, Donostia.
-Martxoak 24, igandea: 11:12an Baiona. Amaiera bertan, 12:30etan.
Martxoak 23: Kostaldetik Usurbila, Usurbildik Donostiara
Iragarri bezala, martxoaren 23an helduko da 18. Korrika Usurbila. Kostaldetik etorriko da euskararen aldeko lasterketa. Aginagara heldu baino lehen, lekuotatik igarotzekoa da:
12:32 Zumaia.
13:31 Getaria.
14:06 Zarautz.
15:01 Orio.
16:32 Usurbil.
Aginaga, Kaxkoa, Santuenea eta Zubieta zeharkatu ostean Lasartetik barrena Buruntzaldeko udalerrietatik hiribururako bidea egingo du Korrikak:
17:09 Lasarte.
18:35 Hernani.
19:20 Astigarraga.
19:40 Donostia.
Herriz herri eta egunez egun, 18. Korrikak osatuko duen ibilbide osoa, ondoko irudian klikatuta ikus dezakezue. Baita korrika.org web orrialdean. Bertatik zuen mugikorretara jaitsi dezakezue baita, Korrika noiz eta nondik igaroko den jakiteko, antolatzaileek edizio honetarako prestatu duten aplikazioa ere.