Sen bihar itzuliko da oholtza gainera, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 15a, 00:00

Larunbat gaueko 23:00etarako iragarria du Sen taldeak, hamarkada luze baten etenaldiaren osteko itzulera. Estreinako kontzertua, Usurbilgo Gaztetxean eskainiko du. Egun bat baino ez da falta, Haritz Harreguy eta taldekideen musika berriz zuzenean entzuteko.

"Aukera polita izango da martxoaren 16koa, aspaldian talde handi hau entzun bai baina ezin ikusi izan dugu eta”, adierazi dute kontzertuko antolatzaileek. Hamar urteren ostean datoz bueltan, Sen taldekoak. “Taldearen 2 diskoetako pop-rock doinuei hautsa kendu eta berriz ere entzungai izango dira euren melodia itsaskor eta sendoak. Nabarmentzekoak dira baita ere talde honen kitarra indartsuak eta onarri erritmiko sendoa”, adierazi dute antolatzaileek. Usurbilgo Gaztetxeko emanaldiaren ostean, martxoa amaieran ospatuko den Gazte Danbadan ere jotzekoak dira. 

"Epe jakin bat izango da"
Aste honetako NOAUA!rako eskaini duen elkarrizketan, taldearen itzuleraz mintzatu da Haritz Harreguy. "Urtarrilean edo erabaki genuen. Baina ez dugu ezer planifikatu. Oraingoz bi emanaldi ditugu, larunbatekoa Usurbilen eta Gazte Danbadakoa Aste Santuan. Hortik aurrera ikusiko dugu. Ea ze panorama topatzen dugun eta jendeak nola erantzuten duen. Jendeak eskatzen badu, ba aurrera. Baina epe jakin bat izango da", adierazi dio astekari honi. Elkarrizketa osoa, web orrialde honetan zintzilikatua dagoen aldizkarian irakur dezakezue.