Nafarroan barrena behar du honez gero, atzo abiatu zen 18. Korrikak. Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean ospatu zen ekitaldiak eman zion hasiera, bi urtez behin ospatzen den euskararen aldeko lasterketari. Aurretik hamar egunez 2.500 kilometro egiteke ditu Korrikak, Euskal Herriko hiri eta herrietan barrena. 18. Korrika martxoaren 24an iritsiko da amaiera gunera, Baionara. Eta bezperan, Usurbildik pasako da.
Hitzordu honen harira, hainbat ekimen antolatu ditu Korrika Batzordeak. Eta horietako zenbaitetan izen emateko aukera zabaldu dute jada. Batetik, hilaren 24an, igandez, Baionako Korrikaren amaiera festara joateko autobusa antolatu du Korrika Batzordeak. Autobusean apuntatzeko orriak Bordatxon, Txiribogan eta Etumeta AEK euskaltegian daude. Martxoaren 21a baino lehen eman beharko da izena. Bestalde, Baionara joan bezperan, Usurbildik Korrika pasa eta ordu gutxira, bertso-afaria antolatu dute, hilaren 23an, gaueko 21:00etatik aurrera Agerialden. Hiru bertsolari gazteek girotuko dute otordua: Beñat Iguaranek (Amasa), Adur Gorostidik (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana"-k (Igeldo). Ekitaldirako txartelak salgai izango dira egunotan, 16 euroren truke, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian.
Beste bi ekitaldietarako izena eman beharra ere izango da, baina momentuan bertan. Batetik, gaur zortzi, frontoian antolatu den pin pon txapelketan, eta bestetik, biharamunean, frontoian burutuko den "Txokotan palaz" ekimenean ere momentuan apuntatu ahal izango da. Antolatzaileek pala txapelketa honetan parte hartzera animatu nahi dituzte adin guztietako herritarrak; haur, gazte nahiz helduak. Etxetik norberak bere pala eramatea eskatzen da. Hortik aurrera, izena ematen dutenekin taldeak sortu eta palan ibiltzeko aukera izango da hilaren 23ko goizean.
Azken orduko aldaketarik ere bada egitarauan. Iragarritakoez gain, Korrikaren aldeko beste ekitaldi bat ere antolatu baitute martxoaren 23rako. Buruhandiak ibiliko dira goizean Kaxkoan. Beraz korrika saio bat baino gehiago egiteko aukera izango dute etxeko txikienek.
Hona hemen, datorren asterako antolatu dituzten ekitaldiak (Korrikaren jarraipena, korrika.org atarian. Bertan zintzilikatzen ari dira Korrikako argazkiak eta kronikak):
Martxoak 21, osteguna: Korrika Txikia
14:30 Korrika Txikia.
16:30 Txokolatada eta antzerkia frontoian.
Martxoak 22, ostirala
22:00 Pin pon txapelketa frontoian (izen ematea, 21:30etan).
Martxoak 23, larunbata: 18. Korrika Usurbilen
11:00 Buruhandiak Kaxkoan.
11:00 Txokotan palaz frontoian.
15:44 Aginagatik sartuko da Korrika 18.
16:33 Korrika 18 Kaxkoan.
18:00-20:00 Erromeria frontoian.
21:00 Bertso afaria, Agerialdeko jangelan, Beñat Iguaran (Amasa), Adur Gorostidi (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana" (Igeldo) bertsolariekin. Txartelak salgai 16 eurotan, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian.
Martxoak 24, igandea: Baionara
9:15 Korrika 18ren amaiera festara joateko autobusa, Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik abiatuta.
21:00 Itzulera.
Izen ematea: Bordatxon, Txiribogan eta Etumeta AEK euskaltegian, martxoaren 21a baino lehen.
Antolatzailea: Korrika Batzordea.