Bigarren postua lortzeko jardunaldi erabakigarria jokatu behar zuten atzo kadete nesken eskubaloi taldekoek Oiardo Kiroldegian. Markagailuan berdinduta joan ziren aurkariekin, Donostiako Bera Bera taldekoekin. Baina amaieran, lortu zuten euren erronka, donostiarrei 17-15 irabazi ostean. Horri esker, Euskadiko amaierako sektorean parte hartu ahal izango dute, apirilaren 12, 13 eta 14an. Oraindik txapelketa hau jokatuko den lekua erabakitzeke dagoen arren, zehaztuak daude nortzuk parte hartuko duten. Gipuzkoako talde bakarra usurbildarra izango da. Beste hirurak bizkaitarrak; Zuazo (Barakaldo), Kukullaga (Etxebarri) eta Errotabarri (Ermua).
Aipatu beharra dago, txapelketa honetan orain arte jokatu dituzten norgehiagoketan, bi multzoetako lehen bi postuetan sailkatutako taldeek dutela Euskadiko amaiera sektorean jokatzeko aukera. Usurbil Kirol Elkartetik eman dizkigute zehaztasun hauen, eta "balentria" gisa definitu duten atzoko garaipenaren inguruko kronikaren inguruko informazioa.
"Hutsarteak bere emaitza eman zuen"
"Partidarako Bera Bera abantailarekin zetorren, Usurbilgo taldeak baino puntu bat gehiago baitzeukan. Usurbildarrei beraz, garaipenak bakarrik asebetetzen zien, 2. postua eskuratze aldera.
Norgehiagoka ez zen ondo hasi, bi taldeek nabari zuten presioa, baina Bera Berakoak finago aritu ziren lehen zatian. Atsedenaldian horrela bada, 7-11 zegoen markagailuan. Orduan zen ordea garaia, ezer galtzekorik gabe, apustua egiteko eta talde bezala, konstantzia mantenduz erasoan zein defentsan, partida irabaztera ateratzeko. Horrela bada, gure neskek apustua egin zuten eta Bera Berarekiko distantzia murrizten hasi ziren. Berdinketara gerturatu bai, baina bigarren zatiko 20. minutuan Bera Berak 2 goleko errenta hartu zuen eta gure nesken entrenatzaileak, Nerea Agudok, hutsartea eskatu zuen.
Hutsarteak bere emaitza eman zuen, eta 25. minuturako, amaierarako 5 minuturen faltan, usurbildarrak eta donostiarrak berdinduak zeuden markagailuan. Baina defentsan fin aritzeak eta erasoan asmatzeak saria izan zuen, usurbildarrak aurretik jarri zirelarik minutu gutxiren faltan. Tentsioa halaber bukaerara arte mantendu zen, eta horren ispilu da bukaerako 17-15 markagailua.
Aipatzekoa halaber, Oiardo Udal Kiroldegira gerturatutako ehundaka zaletuen animo eta txaloak, horiei esker ere lortu baitzuten gure neskek Euskadiko 4 talde onenen sailkatzea, eta Gipuzkoako onena dela berrestea (eta Gipuzkoako ordezkari bakarra izango da hain zuzen amaierako sektorean). Denen artean Usurbilgo herriarentzat eta Kirol Elkarte honentzat horrelako balentria bat erdietsi dute", berri eman dute Usurbil Kirol Elkartetik.
Selekziorako deialdia
Berriz ere, Usurbil Kirol Elkarteko jokalari bat, Gipuzkoako Selekzioarekin entrenatzera deitu dute. Infantil mutilen taldeko Eneko Iribar Zumeta. Igande honetarako, martxoaren 24rako, 9:30-11:30 artean Urnietako udal kiroldegian.