Larunbateko Korrikan haize errotekin parte hartzeko deia egin dute

Noaua Aldizkaria 2013ko mar. 18a, 00:00

Korrikaren astean sartu gara jada. Bost egun baino ez dira geratzen, euskararen aldeko lasterketa ezaguna Usurbilera iristeko. Aginagatik sartuko da larunbat bazkalostean, 15:44 aldera. N-634 errepidetik iritsiko da Kaxkora. San Inazioko errotondatik gora igo, eta Mikel Laboa plaza ondoko errotondan, Kalezarrerako bidea hartuko du 18. Korrikak. Kalezar alderik alde zeharkatu ostean, Kaxkora jaitsiko da berriz, Bizkarreko bidea hartzeko. Eta handik gero, Atallu paretik barrena Santuenera. Jarraian, Oria ondotik Zubietara. 

Usurbil Zero Zabor taldekoek, duela bi urte bezala, haize errota koloretsuekin Korrikan parte hartzeko deia egin diete herritarrei: "UZZtik herritarrei Korrikan haize errotarekin korrika egiteko deia egin nahi diegu, errauste plantaren proiektua behin betirako bertan behera utzi eta Zero Zabor politikak garatzea aldarrikatzeko". 

Haize errotarik ez dutenek, egunotan Alkartasuna Kooperatiban eskuratu daitezkeela berri eman dute UZZ-tik. Eta bestela, Korrika egunean eta bezperan, ordu eta guneotan banatuko dituzte UZZ-koek:

Martxoak 22, ostirala
16:30-17:00 Zubietako frontoian. Norbaitek ezingo balu bertara joan, 671 605 760 telefono zenbakian eskura ditzake.

Martxoak 23, larunbata
15:15-15:40 Aginagako frontoian.
16:00-16:15 Dema plazan. 


Adi, izen emateei
Gogoan izan bestalde, Korrika Usurbila heldu aurreko egunetan, eta astebururako, hainbat ekimen antolatu dituela Korrika Batzordeak. Besteren artean, bi hitzorduetarako aldez aurretik izena eman beharra dago. Batetik, larunbat iluntzeko 21:00etarako Agerialdeko jangelan antolatu duten bertso-afarirako. Hiru bertsolari gazteek girotuko dute otordua: Beñat Iguaranek (Amasa), Adur Gorostidik (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana"-k (Igeldo). Ekitaldirako txartelak salgai izango dira egunotan, 16 euroren truke, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian. 

Bestalde, igandean amaituko da Korrika, Baionan eta bertan ospatuko da amaierako jaialdia. Hara joateko ere autobusa antolatu du Korrika Batzordeak. Izena aldez aurretik eman beharra dago, ostegun hau, hilaren 21 baino lehen, Etumeta AEK euskaltegian, Txiribogan edota Bordatxon.

Hona hemen, 18. Korrikaren harira, Usurbilen antolatu den ekitaldien zerrenda:

Martxoak 21, osteguna: Korrika Txikia
14:30 Korrika Txikia.
16:30 Txokolatada eta antzerkia frontoian.

Martxoak 22, ostirala
22:00 Pin pon txapelketa frontoian (izen ematea, 21:30etan).

Martxoak 23, larunbata: 18. Korrika Usurbilen
11:00 Buruhandiak Kaxkoan.
11:00 Txokotan palaz frontoian.
15:44 Aginagatik sartuko da Korrika 18.
16:33 Korrika 18 Kaxkoan.
18:00-20:00 Erromeria frontoian.
21:00 Bertso afaria, Agerialdeko jangelan, Beñat Iguaran (Amasa), Adur Gorostidi (Larraitz) eta Imanol Lizarazu "Habana" (Igeldo) bertsolariekin. Txartelak salgai 16 eurotan, Txirristran, Aitzagan eta Etumeta AEK euskaltegian.

Martxoak 24, igandea: Baionara
9:15 Korrika 18ren amaiera festara joateko autobusa, Mikel Laboa plaza ondoko errotondatik abiatuta.
21:00 Itzulera.
Izen ematea: Bordatxon, Txiribogan eta Etumeta AEK euskaltegian, martxoaren 21a baino lehen.

Antolatzailea: Korrika Batzordea.