Joan den iraileko azken edizioa Usurbilgo Gaztetxean ospatu zen arren, berriro betiko gunera itzuliko da Truke Plaza; Txokoaldera. Igande honetarako, martxoaren 24rako ekimen honen edizio berria antolatu dute Trukalariak taldekoek, Erroizpe elkarte aurreko plazatxoan. Ohi bezala, trukerako aukera izango da. Norberak bere postua jarri ahal izango du. Ziur etxean erabiltzen ez diren gai asko ditugula, guretzat agian erabilgarri ez direnak, baina beste edonork gustura har ditzakeenak. Hautsa kendu, eta igandean postua jar daiteke Txokoalden, goizeko 11:00etatik aurrera. Eta noski, erakusgai bakarrik jarri ez, beste objektu, gaitasun edo zaletasunekin trukea egin liteke. Tratua beti librea da noski. Dirurik gabekoa. Diru mugimendurik gabeko azoka izango baita igandekoa. Salerosketarik ez da egongo, trukea eta herritarren arteko tratu adostua baino ez.
Eguerdi parterako gainera, ohi bezala, bazkaria antolatu dute Txokoalden. Truke gunean bihurtuko da auzoa beraz, bost egun barru.