"Bizi arteko zigorrik ez. Ramon askatu!", lemapean hamarnaka udal langile eta herritar bildu dira gaur goizean udaletxe aurreko Joxe Martin Sagardia plazan. LAB sindikatuak goizeko 10:00etarako hamabost minutuko elkarretaratzea deitua zuen bertan, 197/2006 doktrina etetea eskatzeko. Eta baita, doktrina hau aplikatu izanagatik, Topasen (Salamanca) espetxeratuta jarraitzen duen Ramon Uribe herritarra aske uztea galdegiteko. Espetxe zigor osoa beteta, kalean behar baitzuen kalezartarrak joan den abenduaren 3an. Baina 2024ra arte luzatu diote zigorra.
Mobilizazioa asteazken honetan, martxoaren 20an burutu da. Gaur hain zuzen, 197/2006 doktrina honi lotuta, espainiar estatuak jarria duen helegitea aztertzekoa zen Europako Giza Eskubideen Auzitegia. Gogoan izan, Estrasburgok Parot izenarekin ezagutu izan den doktrina bertan behera uzten zuen epai bat kaleratu zuela joan den udan. Ines del Rio preso politikoa berehala aske uztea eskatzen zuen ebazpen horrek. Horren aurrean, espainiar estatuak helegite bat aurkeztu zuen, eta aipatu moduan, helegite hau aztertu dute gaur Estrasburgoko epaitegian.